Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Uranora helduko ote gara?

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Zer ote du Uranok? Hori pentsatu nuen NASAk bertara joateko gomendioa luzatu duela jakin ostean. 2014. urtean Oxforden zegoen Leigh Fletcher zientzialariak BBCri esan zion Uranora joan behar zela planeten sorrera ulertzeko gakoak izan zitzakeelako. Egun bizirik dago, zientzian, eta bere Twitter kontuan Uranoren txioa du finkaturik. Nature aldizkari ospetsuak ere badakartza planeta horretara joateak ekar litzakeen onuren gainekoak. Uranoren gainean irakurtzen jarri naiz: hogeitaka ilargi ditu, eraztun meheak, eta oso hotza da. Urte bat, Lurreko 80 urte dira; hamabost urte beharko genituzke bertara ailegatzeko, eta milaka milioi euro. Pentsa zenezake gizadiaren etorkizunerako gakoak balitu ondo xahutuak liratekeela diru horiek.

Gizadiaren etorkizuna. Izarren hautsa ginela esan zuen Carl Saganek, eta Xabier Letek, beharbada horrek eraginda, egun batean bilakatu zela bizigai kantatu zuen (nik beti maiteago izan dudan arren Laboa). Honezkero, baina, bizigaia eralda liteke. Zer kantatuko zuketen egun Letek eta Laboak? Suntsipenera kondenatzen ari garen planeta honen etorkizuna kanpoan dela diote zientzialari batzuek. Judea Pearl-ek, ordea, barruan dela uste du, gizadiak sortutakoa izango dena, baina ez gizakia. Makinak maitemindu daitezkeela esan du Vocentoko aldizkari bati emandako elkarrizketan. Gauzen zergatia galdetzen ikasi beharko dute, irudikatu oraindik existitzen ez den hori, eta enpatia itsatsi edo programatu behar ei zaie. Baikor da Pearl. Gu baino hobeak izango diren lurtar berri horiek guk baino hobeto zainduko dute planeta? Akordura etorri zait badela suediar telesail bat: Äkta människor (Real Humans). Aurretiaz Philip K. Dick-ek irudikatu bezala, gizadiak sortutako izaki horiek gu baino hobeak dira. Eta munduari begirada bizkorra emanez gero, ba zer nahi duzu esatea, baliteke hain zaila ere ez izatea. Ni ere baikor naiz, baina oraindik ez dakit zergatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.