Blanca Urgell
LARREPETIT

Haserrearen hitzak

2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Berak bakarrik ezagutzen duen arrazoiren bategatik, Elia itzultzaileak angry birds «hegazti kateatuak» itzuli dit. Bikol delako hizkuntzaren hiztuna banintz, Elia-ren ordez Lamasliá dei niezaioke, edo Lasliá, hitz bukaerako azentuaz eta txilioka.

Bikol delakoa austronesiar familiako hizkuntza da, Filipinetako Luzon uhartean batez ere mintzatua. Bikolez haserre daudenean zein garrasika egiten dutenean soilik erabiltzen diren hitzak daude. Ez dira biraoak, ezta gordinkeriak edo zakarkeriak ere, gauza bera beste era batera, haserre edo oihuka, izendatzeko moduak baizik. Adibidez, arrozaren lapikoak gainezka egin eta haserretuko bagina, lasgás edo lamasgás esan genezake, bagás arrozaren izen arruntaren ordez. Animalia batek gogait eragingo baligu, gadyá' esango genioke aiseago háyop baino, edo norbait desordutan lotan balego tusmág, túrog baino. Haserrearen hitzak hitz arruntaren esanahi bera du: 'arroza', 'animalia' eta 'lo egin'; hizkuntz erregistroa baino ez da aldatzen.

Antzeko «erregistro haserreak» Filipinetako beste mintzo batzuetan ere badaude. Talde austronesiarraren gainerako 900dik gorako hizkuntzetan ez, ordea, baina gordinkeriak-eta bai, noski. Hedatuena zure amaren alua! litzateke (eta gu larregi harritu ez). Fijieran, ordea, cai-si tama-mu 'izorratu zure aita!' eta cai-si tuka-mu 'izorratu zureaitona!' (ere) erabiltzen dituzte. Fijiera ikasi behar nuke. Bereziki gustatu zait kani-a na de-mu 'jan ezazu zure kaka!'.

Norbaitek zerbait 44.000 miloi dolarretan erosteko adina diru baleuka, erraza litzateke kani-a na de-mu esatea halakoari. Alabaina, mereziago lukete duela50 bat urtetik hona finantza-ingeniaritzaren ondorio lohi eta lazgarriak bertatik bertara ikusita sustatu duten aditu, arduradun eta inbertitzaileek (nork bere poltsikoari begiratu behar, hi), bai eta mugatu ez duten agintariek ere. Kateatu ditzagun hegazti horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.