Blanca Urgell
LARREPETIT

Osaba-izebak

2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lehen talka: arrobera aulkian dago osaba leihoaren bestaldean. Astebetean urteak etorri zaizkio gainera. Ilea bakandu, masailezurra jausi, begiak behera ditu, bere artean murgilduta. Ez dauka solasteko gogo handirik. Alboan dago izeba, beti bezala, osabari eskua emanda.

Inguruko abarrotsek min ematen diote. Ez du gure solas txikietan parte hartzen. Halako batean, baina, hariari heldu eta bere laneko istorio horietako bat kontatu du xehe-xehe. Narratu bitartean, osabaren begien zolan berriro ikusi dut ezagutzen dudan gizona, lehengo indarrak eta ahalak noiz berreskuratuko zain. Etsipena ere hantxe dago: «88 urte» —ematen du esaten diola bere buruari—: «nola demontre irtengo naiz honetatik?».

Parkek noizbait artaziak bilatuko dituzte, zeinek duda, baina artean utz diezagutela hitzekin jolasten: Zer da osaba? Zer da izeba? Zer esan nahi zuten hiztunentzat osagaiak gardenak zirenean?

Denok dakigu -ba bukaeradutela (ahizpa, alaba, iloba,neba...), baina osaba-z ezer gutxi gehiago. Tamalez, EHHE-k ez dakar, eta Agud & Tovar-en orloi hitzeraino baino ez ziren heldu. Beraz, izeba-tik hasiko gara, nahiz Schuchardt-ek uste zuen honek-baosaba-ren eraginez hartu zuela, jatorriz *ize zelakoan (cf. izeko < *ize + -ko hipokoristikoa).

EHHE-k izen-ekin lotu du ('izena jartzen zuena'?), eta Bähr-ek ahizpa-rekin, -iz- zatiari erreparaturik, jatorriz 'amaren aldekoa' zatekeelakoan. Izan ere, kultura askotan izen ezberdinak hartzen dituzte amaren eta aitaren aldekoek, edota odoleko osaba-izebek eta ezkontzaz bilakatutakoek. Honek erakusten digu honelako hitzetan kultura eta hizkuntza elkarrekin landu behar direla, batak bestea argitzekotan: etimologiak antzinako familiaren egitura, edota alderantziz. Erronka polita.

Aukera guztien artean, osaba pertsona heldu, jakintsu eta onbera gisa irudikatzen duena hautatuko dut: osaba Tom, osaba Ben eta osaba Luis, nola ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.