Blanca Urgell
LARREPETIT

Ogerlekoa

2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean zen. Katilu bana te eskuetan, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina ohiari buruz ari ginen ingeleseko irakaslea eta biok. Hormako pantailan BBC Eskoziako ekitaldien eta Londresko zein bestetako erantzunen berri etengabe ematen. Irudiz irudi, halako batean zer agertuko, eta erregina zenaren zerraldoaren barruko aldea: Windsor andrearen sorbaldak, iduna eta burua. Mantelina zuri batek lanbrotzen zituen Commonwealth-aren buru izandako emakumearen hazpegiak. Diamantezko lepoko batek dir-dir egiten zuen azpitik. Arroz-esnearen koloreko eszena hartan ederra zirudien, ia aingeruzkoa, fedearen babeslea izandako emazteki hark.

Halakorik! Kamara hil-kutxan sartu! Ez, ba. Geroago jakin dut gezurra zela, umorezko programa batek sortua, baina orduan telebistak hotsik izan ez eta ez nekien. Faraoien antzera ohoratua zen andre haren burua katabutean dinbili-danbala ikusi behar hartan, bat-batean irudikatu nuen Demeritoaren burua egoera berean.

Genero-bereizkuntzagatik esango nuke ez luketela belo zuriz estaliko. Agerian leudeke, bada, haren hazpegi borboitarrak diren-direnean. Nork daki: agian herioak ere ezingo lioke irrifarre handi hori ezabatu, gizon xalo-xaloa dela salatzen duena, eta bizitza jadanik luze xamar horretan egindakoarekin, akatsak akats, kontent dagoela erakusten diguna.

Erresuma Batuko erregina nork bere begiekin ikusteko ilara —nork ez du queue hitza ikasi?— 10 miliaraino heldu omen zen, eta bertan 24 ordu eman zituztenak ere egon omen ziren. Pentsa. Zenbat metro eta zenbat ordu izango dira Espainiako ohiaren gorpuari agur egiteko? Ze egin egingo diote: dudarik ez.

Dena dela, pentsatzen ari naiz denboratxo hori ilaran emateak mereziko duela, behinola Antonio David Flores estimatuari aldizkari hark bezala, kutxarengainean beraren aurpegia zeramaten ogerleko horietako bat uzteagatik. Hartu duenaren bueltak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.