Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Baleak

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Roberto Carlosek kantu bakarra dauka niretzat, eta animaliak bezala zibilizatua izan nahi lukeela abesten duenean, niri neuri, beti, balea bat etortzen zait gogora; begi aurreetara. Balea hitzak a itsatsia izatea nekeza egiten zait, izan ere, balea bat esatea distortsioa da nire belarrietarako, baina ikasi dut horrela dela eta esan egiten dut: balea bat, balea bi, hiru balea...

Bere existentziaren berri dudanetik jarraitzen ari naiz Balea 52. Noizean behin bilatzen dut, eta badut kontaktu bat mugaz bestalde balea honen ingurukoak aurkitzen dituenean bidaltzen dizkidana. Misteriotsua da balea hau, beste frekuentzia batean kantatzen duelako, 52 hertziotan, eta ez duelako frekuentzia horretan kantatzen duen beste balearik aurkitzen. Asteon nire kontaktuak albiste bat bidali dit: bizirik ei dago balea, eta, diotenez, agian bakardadearena, isolamenduarena, hainbeste maite ditugun giza mito erromantikoa baino ez da. Hots, kantaera ezberdina izan arren badirela zenbait espezie entzun dezaketenak. Ez dago hain bakarrik, ez isolaturik ere. Baleen kantaeren artean ere ba ei dago dialektorik, zelanbait esateko, eta Balea 52 komunika liteke eurekin. Nire bereganako lilura ez da bertan behera geratu, eta ez dut alerta kendu.

Tarte batez pentsatu dut bere migrazio luze horietan, ozeanoen gurutzaketaren batean, ez ote duen euskal balea legez ezaguna den Eubalaena Glacialis batekin topo egin. Gutxi dira gelditzen direnak, 350 inguru munduan. Eraso etengabekoak jaso(tzen) dituzte, indartsuagoak dira besteak, eta existentziari eustea eguneroko abentura da. Zelan eutsi? Zelan ez eman amore etsipenean? Ez, ez da erraza. Galde iezaiezu Funes edo Tuterako euskaldunei. Ez da erraza, baina hala ere nafar euskaldunena erraza da: amaitu zonifikazioa eta euskarari aukerak zabaldu. Baleena, beste kontu bat da. Ai, zonifikazioa suntsitzearekin konponduko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.