nerea loiola pikaza
LARREPETIT

(A)normal normala

2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Trakatran, trakatran hiru errege gizon eta aberats iritsiko dira gaur gure herrietara, bere karroza, morroi eta segizio; Belenen jaio omen zen Jesus haurtxoa agurtzeko. Normala egingo zaigu, ordea, tradizio espainol hau (ere) gurean erreproduzitzea eta, agian, parte hartuko dugu; gure etxeetan beti egin izan delako, edo umeek asko disfrutatzen dutelako, edo...

Hiztegiaren arabera, normala da ezer berezirik edo neurriz gainekorik ez duena, maizkoena edo ohikoena den motaren araberakoa dena. Berezitasun ezak, ohikotasunak, egiten du, hortaz, edozer normal. Horregatik, sumindu bai baina ez gaitu harritzen gizon batek emakume bat hil duela jakiteak; ohikoa zaigu, eta, beraz, normala?

Ez gaitu harritzen, ezta ere, Osakidetzako oposaketetan espainola nahitaezkoa izateak eta euskara soilik puntuagarria. Nola ez da ba normala izango hemendik kanporako proiekziorik ematen ez duen hizkuntza bat aukerakoa izatea, neurriz gainekoa litzateke kontrakoa, eta, ondorioz, anormala. Baina, lasai, euskarak doktoretza batek baino gehiago puntuatzen du eta. Normala zaigu erresonantzia bat egiteko sei hilabeteko itxaron zerrenda izatea; normala haurrei euskaraz ari diren gurasoak euren artean erdaraz entzutea, etxe bat ezin erostea, edo hilabete bukaerara ezin iristea... Ez da normala, normala zaizkigun gauzen zerrenda luzea.

Orain, geure buruei begira jarri ezkero aldatu egiten dira kontuak. Adibidez, zergatik arbuiatzen ditugu haurdunaldi baten ondoren ohikoak diren azaleko orban zuri edo ildoak? Zergatik ez ditugu gure ile-urdinak onartzen gaur arratsaldeko kabalgata onartzen dugun lasaitasun berarekin? Zergatik ez gure zimurrak? Gure azal bigunak? Zerbait normala baldin bada, zahartu eta aldatu egingo garela da. Ordea, hau ukatu eta geure burua estutu eta torturatuko dugu; zer eta aurreko gauza neurriz gaineko guztiak normalak direla sinetsarazi diguten berdinek horretara eraman gaituztelako. Normala iruditzen zaizue?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.