Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bakardadea

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Europako populazioaren %7 (30 bat milioi) bakarrik sentitzen da, eta 75 milioi biztanle isolatze sozialeko egoeran dago. Kopuru hauek Europako Batasunetik egindako ikerketa batean ageri dira, 2021ean kaleratutako txostenean. Pandemiaren ostean haziz doan kopurua dela ikusi dute, eta apurka-apurka erakunde publiko zein pribatu asko ari da bakardadeari aurre egiteko bitartekoak bideratzen. Datozen urteotako, agian hamarkadetako, erronketako bat izango da. Erresuma Batuak badu, dagoeneko, ministerioa, eta aurkitu dut 2017an London School of Economics-ek egindako ikerketa bat, zeinetan bakardadearen kostu ekonomikoa zein den agertzen zuen: 118.000 milioi libera urteko. Herbehereetako Gobernua ere jabetu da, eta 2022-2025 egitasmoa prestatu du, 2019tik abiarazita duen Bakardadeari aurre egiteko kanpaina-ri jarraipena emateko.

Bakardadea, baina, kopuru potolo baten hoztasuna baino gehiago da, eta horixe da Herbehereetako Jumbo supermerkatu kateak ikusi duena. Bizkor baino arinago bizi garen garaiotan, oraindik ere bada erosketak egitera joatean saltzailearekin berba egitea maite duena. Bada gizaki batekin berba egin barik egunak eman ditzakeena. Horregatik sortu zituzten ordain-kutxa mantsoak. Vlijmen hirian hasi ziren, baina hainbestekoa izan da arrakasta dagoeneko 200 ordain-kutxa mantso baino gehiago dituztela. Eta honek akordura ekarri dit bizi naizen hiriko zenbait supermerkatutan ikusi dudana: norberak bakarrik ordaintzeko aukera. Alegia, ordain-kutxa zenbait dagoela gizakirik gabe bizkor batean ordaintzeko. Gasolindegietan, banketxeetan, eta orain, supermerkatuetan. Etxe azpian badago denda txiki bat, lehen herrietan egoten zirenen antzekoa. Gustatzen zait bertara joatea, eurekin hitz egitea, egotea. Nonbaitekoa sentiarazten nau, sustraituta sentitzen naiz. Ordain-kutxa mantsorik ez bada ere, beti geratuko zaizkigu auzo-herri denda miresgarri horiek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.