Hala ez ditu limurtuko

Osasunak itxura eskasa eman du ligako lehen hiru partidetan, eta azken-aurrena da sailkapenean. Bigun aritu da defentsan, eta kamuts erasoan. Irailean aukera ona du suspertzeko: lau partida jokatuko ditu Sadarren.
Carlos Clerc, baloiarekin, Elxen aurkako partidan.
Carlos Clerc, baloiarekin, Elxen aurkako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 6
Harmailen eta taldearen arteko lotura estutzea: hori da Osasunako zuzendaritzak ezarritako helburua. Aurreko sasoiko nahigabeek zapuztu egin zuten zaleen ilusioa, eta agintariek ez dute nahi hori berriro gertatzerik. Bada, hasteko, taldeak ez dio ildo onari heldu, irudi etsigarria eman baitu lehen hiru jardunaldietan. Jagoba Arrasate joko bizi eta erakargarria ezartzeko asmotan iritsi zen, baina, oraingoz, ez du asmatu. Noraezean ibili dira nafarrak, kanpoan jokaturiko bi partidetan batik bat. Zailtasun handiak izan dituzte partidak gobernatzeko, eta atzean erraztasun asko eman dituzte. Goiz da oraindik alarma pizteko, baina zaleak nekez gozaraziko dituzte horrela.

Braulio Vazquez kirol zuzendariak hitz egin zuen atzo. Esan zuen taldea «egin gabe» dagoela, eta horregatik «hobetzeko alde itzela» duela. «Hau ez da Jagobak nahi duen taldea». Horregatik, «denbora pixka bat» eskatu zuen. Jokalariei, berriz, eskatu zien «guztia» eman dezatela, haren iritziz oraindik ez direlako ematen ari. Brauliok azpimarratu zuen Osasuna «hautagai» dela igotzeko, baina «beste 14-15 talde bezala». «Las Palmas, Malaga eta Deportivo dira faborito. Ditugun jokalariekin, gezurra litzateke esatea mailari eustea dela helburua. Igo egin nahi dugu, baina ez gara faboritoak».

Oso zail izango du helburua betetzea orain arte emandako itxura errotik aldatu ezean. Bereziki, etxetik kanpoko lehietan bistaratu da ezina. Hasteko, debut mikatza izan zuen Mallorcaren zelaian: oso lehen zati txarra osatu zuen, eta amaieran estutu arren, esku hutsik gelditu zen. Itxura hobea eman zuen etxean, Elxen aurka. Puntu bakarra lortu arren, teknikariak eskaturiko presio gogor eta trantsizio azkarrak ikusi ziren zenbaitetan. Haatik, Granadaren zelaian ezerezean gelditu zen taldearen goranzko bilakaera.

Gabezia asko erakutsi dituzte gorritxoek lehen hiru neurketetan, eta horietako bat da partidak kontrolatzeko gaitasun falta. Kalitatezko jokalari ugari dago zelai-erdian, baina gainezka eginda izan dira askotan. Lucas Torrok egonkortasuna eta oreka ematen zizkion taldeari, eta, orain arte, Oierrek eta Imanol Garciak ezin izan dute bete haren hutsunea. Berebiziko garrantzia du euskarrian eraiste lanak behar bezala egiten dituen norbait izateak, bestela zaila baita sormena duten jokalariek distira egitea. Orain arte, Iñigo Perezek izan du jokoa sortzeko ardura, eta ezin izan du nahi beste gozatu. Izan ditu une onak, baina, askotan, gehiegitan, laneko atorra jantzita ibili da.

Horrez gain, aginte makila izan duenetan asko kosta zaio Osasunari gol aukera garbiak sortzea. Horren adibide dira Mallorca eta Granadaren kontrako bigarren zatiak. Markagailuan atzetik egonik, baloia eta ekimena izan zituen taldeak, baina ez zen gai izan arrisku sentsazioa sortzeko. Mallorcari hiru jaurtiketa eskas egin zizkion atera, eta bakarra Granadari. Hala, normala da golik sartu ez izana. Etxean bestelakoa izan zen sentipena. Gorritxoek asko estutu zuten hasieran, eta merezi izan zuten aurrea hartzea. Alta, jarraitutasuna falta izan zitzaien. Bigarren zatian, falta batean sareratu zuten baloia, eta hori da orain arte sartutako gol bakarra.

Zuloa hegaletan

Nolanahi ere, erasoko jokoa ez da buruhauste bakarra; defentsan ere arazo handiak izan ditu. Asko sufritu du aurkariak oldartu zaizkionean. Lerroko kide guztiek izan dute nahiko lan, baina estutasun handienak Clerc eta Nacho Vidal hegalekoek izan dituzte. Jite erasokorra dute, eta, taldeari sakontasuna eman arren, defentsan asko ari dira sufritzen. Iragan jardunaldian, esaterako, Granada behin eta berriz sartu zen hegaletatik, eta min handia egin zuen joko aldaketekin. Hori gutxi ez, eta lehen golean bi hegalekoak atzean gelditu ziren erdiko atzelariak Adrian Ramos jokoz kanpo uzten saiatu zirenean. Arazoak bi konponbide izan ditzake: Lillo eta Endika Irigoienekin proba egitea, edo bost atzelarirekin aritzea.

Hortaz, ajez josita daude gorritxoak. Baina badaude argi printza batzuk. Esaterako, ez da sumatu Sergio Herreraren falta. Ondo aritu dira Juan Perez eta Ruben Martinez. Bestalde, fitxaketa batzuk hasi dira eragina izaten, hala nola Ruben Garcia eta Juan Villar. Eta horrez gain, nafarrek egutegia alde izango dute datorren hilean: bost partidetatik lau Sadarren jokatuko dituzte. Zaleen gerizpean arnasberritzen saiatuko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna