Astindua jaso du belusak

Armenian erreakzio gogorra sortu du ekintzaile transgenero batek parlamentuan egin duen hitzaldiak, aitzineko gobernua bota zuen matxinadaren urteurrena betetzear den honetan.

Alderdi Errepublikanoaren aurkako manifestazio bat, iazko apirilaren 25ean, Erevanen. HAYK BAGHDASARYAN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzaren 9an beteko da lehenbiziko urteurrena Nikol Paxinian Armeniako lehen ministro aukeratu zutenetik, hamarkada batez boterea guztiz monopolizatu zuen alderdiak herritarren protesta handiei amore eman ondoren. Belusezko iraultza erran zitzaion. Apirilaren azken astea erabakigarria izan zen, Serzh Sarkisian lehen ministroak dimisioa eman baitzuen, eta, gainera, «oker» jokatu zuela aitortu baitzien manifestariei. Paxinian oposizioko politikari liberal bat zen, eta erreforma politikoak egiteko zinarekin eraman zuten manifestariek boterera. Matxinadatik urtebetera, Armeniako giro politikoa berriz aztoratu da. LGTBI jendearen aurkako oldarraldi bat piztu da, estatuak ofizialki transgenerotzat jotako lehenbiziko herritarrak eskubide berdintasuna eta errespetua eskatu zituelako parlamentuan. Belusak astindu bat jaso du.

Hilaren 5ean piztu zen erreakzioa. Giza eskubideei buruzko saio bat antolatu zuten parlamentuan Armeniako Giza Eskubideen Defendatzailearen Bulegoak, NBE Nazio Batuen Erakundearen Armeniako Bulegoak eta NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak. Hitza hartu zutenetako bat Lilit Martirosian LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzailea izan zen. «Eskatzen dizuet begiratu diezadazuela torturatu, bortxatu, erre, sastakatu, hil, erbesteratu, diskriminatu egin dituzten edo langabezian eta pobrezian dauden Armeniako pertsona transgeneroen irudi kolektibo gisa», adierazi zuen tribunatik. Gobernuari eskatu zion erreformak egiteko «genero berdintasuna lortzeko», eta «giza eskubideak guztientzat» bermatzeko.

Jardunaldia zuzentzen ari zen parlamentariak, Naira Zohrabian oposizioko alderdi nagusikoak, kargu hartu zion Martirosiani, pertsona transgeneroen eskubideen gaia ez zegoelako gai zerrendan, eta «errespetu falta bat» zela erran zion.

Parlamentuko agerraldi hori ortzirale batean izan zen, eta, hurrengo astelehenean, LGTBI kolektiboaren eskubideen aurkako manifestazio bat antolatu zuten eraikinaren parean. Poliziak indarra erabili zuen ganberara sar ez zitezen. Armeniako Eliza apostolikoa zegoen manifestazioa babestu zutenen artean.

Gobernuko koalizioaren eta oposizioko alderdi nagusi BHK Armenia Oparoaren artean eztabaida gogorra sortu zen horren harira. Batak bertzeari leporatu zion Martirosian gonbidatu izana. Gainera, Paxinian lehen ministroak Sarkisian lehen ministro ohiari eta oposizioari «gayen lagun» izatea leporatu zien, ezaugarri negatibotzat aurkeztuz, Martirosianek Sarkisianen agintaldian lortu zuelako pasaportean emakume gisa agertzea.

«'Leherketa' bat»

Giro gaiztotuak oihartzuna izan du nazioartean. Duela pare bat aste, NBEk eta Europako Batasunak oharrak atera zituzten, «gorrotozko adierazpenak» eta «heriotza mehatxuak» gaitzesteko. Armeniako Atzerri Ministerioak haserre erantzun zien, eta eskatu zien ez sartzeko «eztabaida publikoan, ezta tonua gustuko ez badute ere». Edmond Azadian diasporako Armeniako Alderdi Demokratiko Liberaleko kideak Kanadako Abaka astekarian idatzi du egoerari buruz. Armeniako gizartea «kontserbadorea eta patriarkala» dela nabarmendu du, eta Europako LGTBI kolektiboaren aldeko erakundeak (ILGA) adierazi du Europako 49 estatuetan 48.a dela eskubide horiei dagokienez. Horregatik, uste du iritzi publikoak bat-batean topo egin duela urteetan baztertu duen errealitate batekin. «Armenian gertatzen ari dena izendatzeko hitzik egokiena leherketa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.