Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Amatasuna

2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Tuteran, 1552. urtean, Catalina de Puellas alargunak bere senarra, Miguel de Eguaras, izandakoaren anaia eta aitaren kontra jarri zuen salaketa Nafarroako Gorte Nagusian. Prozesuan zehar irakur dezakegunaren arabera, amak bere bi seme txikien tutoretza berreskuratzea eskatzen zien; izan ere, eta alargunaren hitzetan, «ama baten maitasuna beste edozein maitasun mota baino handiagoa da», eta galdetzen du «nork zaindu dezakeen hobeto haur txiki bat ama batek baino». Garai hartako legeen arabera alargun bat bigarren aldiz ezkonduz gero bere seme-alaben tutoretza galtzen zuenez, epaileei azaldu zien euren semeen ongizateari begira eta beraien zaintza lehenesten zuenez, uko egin ziola bere atzetik zebilen dirudun ezkongai bati. Amatasunaren idealarekin bat zetorren Catalinaren jokaera, bera zen «mater et virgo»-ren pertsonifikazioa, Ama Birjinaren ispilua.

Berpizkundearen Italian, esate baterako, «la madre crudele»-k alarguna izanda berriro ezkontzea erabakitzen zuen emakumeari aipamena egiten zion. Garai hartako gizartearentzat, seme-alabak izanda, onartezina zen emakume baten lehentasuna amatasuna ez izatea. Juan Luis Vivesek, XVI. mendeko Espainiako idazleak, argi zuen: amei zegokien sakrifiziorik handiena, Mariak Jesusengatik egin zuen bezala, otoi egin, kristau onak hezi, apaltasunez jokatu eta familiaren beharrak bere nahien gainetik kokatu. Pilar Primo de Riverak laurehun urte geroago Sección Femenina de Falange sortu zuenean ere argi zuen; emakumeen lekua etxean zegoen, gizonaren esanetara, familiaren zaintzaren ardurapean.

Esan genezake, mendeetan zehar emakumea, amatasuna, zaintza eta sakrifizioa bezalako kontzeptuak sinonimoak izan direla, eta azkeneko El Corte Ingles-ek amaren egunaren harira egindako kanpainaren arabera batzuetan jarraitzen dutela izaten esanen nuke. Beraien leloa, «97% entrega, 3% egoismo, 0% quejas, 100% madre» irakurri nuenean jarraian etorri zitzaidan burura Pilar Primo de Riverak zuzendutako Sección Femeninak 1953. urtean argitaratutako Manual de la Buena Esposa. Bertan, hainbat aholku ematen zaizkio ezkondutako emakumeari, besteak beste; etxea txukun eduki senarra lanetik etortzen denerako, haurrak apaindu eta, 11. aholkuak jasotzen duen bezala, ez kexatu. «%0roko kexak» izendatuko zuten eskuliburuko 11. aholku hori El Corte Ingles-eko marketineko arduradunek. Beraien webgunean aurkitu daitekeen azalpenean zera diote; «amek gizarteari ekarpen isila egiten diote, guztiontzat zutabe dira. Horregatik omenaldi berezia merezi dute».

Beraz, batzuentzat ama bezala jokatu behar dugun rolak berdina izaten jarraitzen duela argi gelditu da, isila, kexarik gabekoa eta sakrifizioz beteta. Hori, noski, ez da amatasuna; amatasun mota bat baino ez da, maitasunaren idealizazioan oinarritzen dena, maitasunaren bidez dena gainditu daitekeela esaten diguna, gure nahi, behar eta ongizatea alde batera utziz. Sistemak mezu horretan indarra jarri behar du, ez gaitezen egun batean esnatu eta pentsatu saldu diguten amatasunari lotutako maitasun hori guretzat kutsakorra dela eta sinetsarazi diguten iruzur horri esker sistema honek aurrera jarraitzen duela. Ez, hobe isilik jarraitu, gure haurrak ongi zaindu ditzakegun bakarrak gu garela sinisten segitu eta gure osasuna, denbora, indar eta zoriontasun guztia familiaren azpitik kokatzen jarraitzen badugu. Horrela nahi gaituzte: %100 morroi, %0 aske.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.