Turkiak abokatuekin biltzeko debekua kendu dio Ocalani

Justizia ministroak adierazi du zortzi urteko bakartzeari amaiera emateko erabakia hartu dutela

Ocalanen eskubideen aldeko protesta bat, iaz, Alemanian. DAVID HECKER / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera, Abdullah Ocalan Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagiaren abokatuek presoa berriz bisitatu ahalko dute. Turkiako Justizia ministro Abdulhamit Gulek atzo jakinarazi zuen amaiera eman diotela zortzi urte iraun duen debekuari, eta Ocalanek horien bisita jasotzeko «aukera» izango duela; halere, ohartarazi zuen mugak izango dituztela, «segurtasun kontuak» argudiatuta.

Buruzagi kurdua 1999az geroztik dago preso, Imraliko segurtasun handiko uharte kartzelan (Turkia), eta bakartze ia erabatekoan egin ditu urteak. Familiari ez diote bisitarik egiten utzi 2016ko irailaz geroztik, eta abokatuak ikusi gabe pasatu ditu ia zortzi urte; aurten, baina, haren egoera aldatu egin da. Urtarrilean, anaia bati utzi zioten bisitatzen, eta, hilaren 2an, bi abokatu elkartu ziren presoarekin.

Ocalanek ia zortzi urte egin zituen abokatuekin bildu gabe, 2011ko uztailaren 27tik. Urteotan, 810 helegite jarri dituzte bisita egin ahal izateko; azkenean, Bursako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion horietako bati, eta maiatzaren 2an lau abokatu joan ziren presondegira. Atzo ohar baten bidez adierazi zutenez, hitzordu horretaz geroztik ezin izan dute berriz harekin bildu, ezta haren senideek ere.

Ez dago argi zer arrazoi dauden Turkiako Gobernuaren erabakiaren atzean. Herriaren Alderdi Demokratikoaren (HDP) arabera, 3.000 bat lagun gose greban daude Ocalanen eskubideen alde—gehienak preso kurduak—, eta horien ekinaldia amaitzeko keinutzat interpreta liteke Ankararen erabakia; Siriako gerraren amaiera eta ekainean berriz egitekoak diren Istanbulgo udal bozetan HDPk izango duen babes beharra dira erabakiaren atzean egon litezkeen beste arrazoietako batzuk.

Elkarrizketarako deia

PKKren buruzagiak abokatuei gutun bat eman zien azken bisitan, eta horren edukia publiko egin zuten hilaren 6an. Horren bidez, Turkian eta Sirian elkarrizketaren bideari ekiteko deia helarazi zuen: «Negoziazio demokratikoen metodo baten beharra presazkoa da, gatazkaren kulturatik eta polarizazioetatik urrun». Ocalan, beraz, Turkiarekin irtenbide negoziatu eta adostuak bilatzearen aldekoa da.

Siriaren kasuan, aipatu zuen herrialde horren «batasunaren eta konstituzioaren barruan» egon litekeen eta «Turkiaren kezkak ere bilduko» dituen konponbide bat aurkitzea posible ikusten duela, demokrazian sakonduz: «Guretzat funtsezkoak dira bake duina eta konponbide politiko eta demokratikoa». Gose greban dauden presoei eskatu zien heriotzaraino ez eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.