Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Estrategak

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Komunikazio politikoa inoiz baino presenteago dago: kanpainetan, ekitaldi publikoetan nahiz komunikabideetan. Esfera publikoan burutzen den keinu eta esaldi oro monitorizatuta dago, interpretatuta eta interpelatuta.

Joan den asteartean, Madrilgo kongresuaren bilkuran, zenbait irudik zeresan ugari eman zuten. Oriol Junqueras eta Sanchezen arteko elkarrizketa, esaterako. Junqueras: «Hitz egin behar dugu»; Sanchez: «Bueno... saiatu behar dugu. Ongi da, hitz egingo dugu. Ez kezkatu». Horraino solasaldia. Errealitate birtuala lausotzen denean, ordea, errealitate gordina geratzen da. Bilkura amaitzean, Oriol eta besteak, Soto del Realera, eta Pedro Sanchez, Moncloara. Komunikazio politikoan berbak eta keinuak oso garrantzitsuak dira, baina horren atzean helburu programatikoak lortzeko estrategia garbirik ez badago imintzio guztiak alferrikakoak dira.

Bihar, hauteskundeak. Inkesta guztien arabera, EAJk eta EH Bilduk gora egingo dute. Eta? Hortik aurrera zein da estrategia? Nola zeharkatuko dugu altzairuzkoa dirudien estatuaren horma ikaragarri hori? Gure artean baditugu estrategia eraginkorrak.

Amaitu berri den kanpainan, Miren Larrionen jardunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Ezker abertzaleari historikoki legokiokeen ohiko esparru soziologikoaz harago iristea lortu du. Esaterako, Pedro Miguel Etxenikek eta Bernardo Atxagak hautagaiaren dohainak publikoki azpimarratu dituzte. Larrionek oso emaitza onak lortuko ditu bihar. Nabarmena da horren atzean komunikazio politikoa egon dela, baita estrategia zehatz bat ere.

Estratega fin eta zorrotzak alderdi guztietan egon dira. EAJk ere, jakina, baditu bereak. Zendu berri den Xabier Arzalluz buruzagi historikoa bera horren adierazle garbia izan da. EAJk nola lortu du, bestela, horrenbeste urte agintean egotea? Gainera, dituen perspektibak ere ez dira batere txarrak. Zer esan Arnaldo Otegiri buruz? Kartzelan nahiz kalean, itzalean nahiz argitan, Otegik eta bere taldeak borroka armatuaren faseari amaiera emateko ehundu zuten plangintza gatazken eraldaketarako masterretan aztertzen dute.

Pedro Sanchezek berak ere Moncloara iristeko erabili zuen jokaldia itzela izan zen. Duela urtebete izan zen, eta inor gutxik espero zuen berak aurkeztutako zentsura mozioa. Mariano Rajoy aho bete hortz dago oraindik. Beste horrenbeste esan liteke apirilaren 28ko hauteskunde orokorretara deitzeko erabili zuen uneaz; hain justu ere Espainiako hiru eskuinek Coloneko argazki zaharmindua protagonizatu eta gero. Jokaldi biak primeran atera zitzaizkion. Sanchez orain indartsuago dago alderdi barruan nahiz kanpoan. Estratega onak izan behar ditu alboan. Ivan Redondo aholkulari donostiarra omen da horietako bat, askoren esanetan bere spin doctor partikularra.

Gurera etorrita, astelehenetik aurrera zer? Nola ikusarazi Sanchez jaunari Moncloan dagoela katalan eta euskal herritarren botoei esker? Izan ere, EAE, Nafarroa eta Kataluniako diputatuak kenduta, Espainian, PP, C's eta Vox alderdiek aurrea hartuko liokete PSOE eta UPren baturari.

Datozen hilabeteak tentsio handikoak izango dira. Erabaki garrantzitsuak hartu beharko dira, eta, horretarako, estratega onak behar ditugu. Sun Tzu gudari eta idazle txinatarrak zioen honakoa: «Armada batek ezin du beti heziketa bera izan, urak forma bera ez duen bezala. Jenio esaten zaio etsaiaren arabera bere estrategia moldatu eta garaipena lortzeko gaitasuna duenari». Antzera uste zuen Albert Einsteinek ere: «Emaitza desberdinak bilatzen badituzu, ezin duzu beti gauza bera egin». Hala ere, antsietatea ez da aholkularirik onena. Izan ere, Publio Sirok azpimarratu zuen bezala «gerra azkar irabazteko, astiro prestatu behar da».

Estrategak behar ditugu, gauden impasse egoera nekagarri honetatik aterako gaituzten estratega eta estrategia berritzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.