«Lagun asko ikusi ditut nire begien aurrean hiltzen»

1974an Fos Bucraa lantegiaren kontra egin zuten ekintzaileak. Ezkerretik hasita hirugarrena da Akeik. JUAN GREGORIO.
Kristina Berasain Tristan.
Gasteiz
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Saharar guztiek liburu bat daukate idazteko, baina Mohamed Eluali Akeikek liburu sorta bat idatz dezake. Sahararrek Espainiako kolonizazioaren kontra egin zuten lehen protesta iltzatuta dauka memorian: «1970eko ekainaren 17a zen; hogei urte baino ez nituen, baina ez dut sekula ahaztuko. Iluntzean manifestarien kontra egin zuten poliziek, eta biktimak egon ziren». Zemlako Intifada esaten zaio gertakari hari. Sahara sahararrentzat ozen aldarrikatu zuten orduan, eta, testuinguru horretan, askapen mugimenduen sorreran, lehen zelulak sortu ziren.

Akeik talde sekretu batean sartu zen, jaioterrian, Aaiunen. «Borroka armatuarekin bat egin nuen, eta nazioartean oihartzuna izan zuen lehen ekintzan hartu nuen parte. 1974ko urriaren 20a zen. Fos Bucraako fosfato lantegiko zintaren kontra egin genuen, eta atentatuak oihartzun zabala izan zuen. Egun horretan, mundua sahararrez hitz egiten hasi zen».

Zintaren 30 kilometro erabat suntsituta geratu ziren, eta lantegia bi hilabetez egon zen itxita. Akeik bertako langilea ere bazen, eta ondo ezagutzen zuen aktibatu beharreko mekanismoa: «Gasolina erabili genuen; kalte materialak izugarriak izan ziren, baina ez zen biktimarik izan». Azaroaren 4an atxilotu zuten, beste sei lagunekin batera, eta, bi asteko galdeketaren ostean, kartzelan sartu zituzten. «Las Palmasera eraman gintuzten urtarrilean, protestak hedatu ez zitezen, giroa oso bero baitzegoen. Barranco Seco izeneko kartzelan sartu gintuzten, eta hurrengo urteko urrian askatu gintuzten». Fronte Polisarioak Espainiarekin su-etena sinatu, eta presoen trukea egin zuten Mahbesen.

Okupazioak Rabunin harrapatu zuen Akeik. «Informaziogune bat genuen, eta han afixak eta panfletoak argitaratzen genituen». Franco hil ez balitz historia bestelakoa izango zela uste du: «Ez zen makurtuko Hassan II.a Marokoko erregearen aurrean».

Buruzagiak erabateko dezepzioa hartu zuen Espainiarekin. «Espainiak hitzeman zigun lurraldea gure esku utziko zuela. Juan Carlos I.a erregea bera etorri zen esatera sahararrak babestuko zituela, baina handik hiru astera ospa egin zuten, deskolonizazioa gauzatu gabe». Dezepzioa da etengabe ahotan duen hitza. «Hitz horretan sinetsi genuen, baina ez ziren hitz zintzoak. Dena gezur hutsa da. Nazio Batuen Erakundea gezur hutsa da. Iruzur bat da dena».

Gerra gogoratzean hitzik gabe geratu da. «Hunkitu egiten naiz. Lagun asko ikusi ditut nire begien aurrean hiltzen. Eskua baino ez genuen aurkitzen, edo burua. Gerra ankerra da. Ni zauritu nindutenean, hamabost egunez egon nintzen koman. Tanke batean gindoazen eta bonba bat erori zen. Hemen, hemen eta hemen sartu zitzaidan metraila [belarriaren atzealdea, garezurra eta kopetaren ezkerraldea ukitu ditu]. Komatik esnatzean, irribarre egin nuen. Hilda egon nintekeen, eta bizirik nago. Ni beste bat naiz. Saharar guztiok drama bat daukagu kontatzeko, baina berezko izaera baikorra daukagu».

Azaldu du, halaber, zergatik ari ziren gerra irabazten. «Gure aberriagatik borrokatzen ari ginelako uste sendoa genuen, eta hiltzeko prest geunden. Ez genekien beldurra zer zen. Sinetsi ere ezin da egin lortu genuena. Konbikzioa dena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.