Hong Kongeko Justiziak hamalau hilabetera zigortu du Lai magnatea

Gobernuaren aurkako martxa bat sustatzeagatik zigortu dute, beste zortzi lagunekin batera

Jimmy Lai Apple Daily egunkariaren jabea atxilotuta, epaitegira bidean, iragan otsailaren 9an. JEROME FAVRE / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aurkako kondenak pilatzen ari zaizkio Jimmy Lai Apple Daily egunkariaren fundatzaileari. Iazko abenduan espetxeratu zuten, gobernuko enpresa bati iruzur egitea, eta «atzerriko indarrekin» batera jardutea egotzita Txinak onartutako Segurtasun Legearen aurkakotzat jotzen da hori. Bada, atzo, Hong Kongeko Justiziak beste zigor bat ezarri zion, 2019an herrialdean izandako protestetan edukitako parte hartzeagatik. Zehazki, hamalau hilabeteko kartzelaldira kondenatu zuten, urte hartako urriaren 1ean egindako martxa bat antolatzeagatik.

Harekin batera, gobernuaren aurkako beste zortzi lagun ere zigortu zituzten. Horietako bik ez dute espetxera joan beharko baldin eta jarrera egokia erakusten badute datozen bi urteetan, baina bai gainerakoek. Horien artean daude, besteak beste, Lee Cheuk Yan, Leung Kwok Hung eta Albert Ho diputatu ohiak, zeinak, Lairen moduan, aurrez ere zigortu zituzten protestak antolatzeagatik.

Atzo zigortutako guztiek aitortu zuten 2019ko urriaren 1eko martxan parte hartu zutela. Protesta hori Txinako Herri Errepublikaren 70. urteurrena ospatzeko egunean izan zen. Poliziak debekatu egin zuen, baina, auzitegiak argudiatu duenez, zigortuek herritarrak hartan parte hartzera deitu zituzten, irailaren 30ean eman zuten prentsaurreko batean. «Martxa baketsu, arrazional eta ez-indarkeriazko batera deitu zuten, baina hori sineskorra zen eta ez oso erreala, kontuan hartuta egunero gertatzen ari zena guztiz kontrakoa zela», argudiatu zuen Amanda Woodcock epaileak. Egun horretan piztu ziren asteetako protestetan izandako istilurik larrienak. Poliziak negar eragiteko gasarekin eta kargekin sakabanatu zituen manifestariak, eta haiek molotov koktelak eta bestelakoak jaurtiki zizkieten. Ehunka atxilotu izan ziren.

Uda eta udazken beroak izan ziren 2019koak Hong Kongen. Protesta jendetsuak izan ziren gobernuak onartu asmo zuen estradizioen lege proiektuaren aurka. Lege proiektu hori onartuta, Hong Kongek aukera izango zukeen edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Azkenean, Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak bertan behera utzi behar izan zuen proposamena.

Txinako Gobernuak Segurtasun Legea onartu zuen, ordea, eta, lege hori baliatuta, Hong Kongeko oposizioko hainbat kide atxilotu ditu.

Ezaguna oposizioan

Duela bi hilabete antzeko epai bat izan zen, eta orduan ere zigortu zuten Lai, «demokraziaren aldeko» mugimenduko beste bederatzi ekintzailerekin batera. 2019ko abuztuaren 18ko eta 31ko manifestazioetan izandako parte hartzea leporatu zieten orduko hartan.

Lai Hong Kongeko eta Txinako agintarien aurkako ekintzaile ezagunenetako bat da, nahiz eta azken urteetan komunikabideen arloan izandako ibilbideak bihurtu duen haren ahots kritikoa hain sonatu. Familia dirudun batean jaio zen, eta are gehiago aberastu da arroparen industriaren bidez. Next Digital komunikazio taldearen %70en jabe egin zen gerora, eta, hedabideen esanetan, 870 milioi euro inguruko ondasunak ditu egun. Next Digital komunikazio taldea Apple Daily egunkariaren jabe da, eta Laik sarritan idatzi ohi du hartan, Txinaren aurka eginez eta hark Hong Kongen gain duen kontrola kritikatuz.

Horrek oposizioaren erreferente bihurtu du, eta Mendebaldeko potentzien lagun. Urte hasieran, Txinaren aurkako borrokan laguntzeko eskatu zion Donald Trump AEBeko presidente ohiari, besteak beste. Txinak jo puntuan du, ordea, eta Xi Jinpingen gobernuak hainbatetan aplikatu dioSegurtasun Legea. Duela bi aste, diru kontuak izoztu zizkion. Reuters berri agentziak zabaldu zuen Txinako Segurtasun Legeaz arduratzen den bulegoak gutunak bidali zituela HSBC eta Citibank bankuetara, ohartaraziz magnatearen kontuekin tratuak eginez gero, banku horietako ordezkariek zazpi urtera arteko zigorra jaso zezaketela. Reutersen arabera, gutun horien helburua zen Apple Daily atzerritik kontrolatutako funtsen bidez finantza zedin eragoztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.