Amazoniako deforestazioan azken 15 urteetako markak hautsi dituzte

Brasilen suntsitu den oihan eremua Araba eta Nafarroa biak batera adinakoa da

Moztutako zuhaitz multzo bat, Brasilgo Amazoniako baso batean, artxiboko irudi batean. MARCELO SAYAO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Laugarren urtez jarraian, Amazoniako deforestazioaren datuek hazkunde joerari eutsi diote. Ez zen halakorik gertatzen 1988an deforestazio datuak erregistratzen hasi zirenetik. Iazko datuen aldean —2019ko abuztutik 2020ko uztailera bitartekoak—, %22 handitu da deforestatutako eremua, INPE Ikerketa Espazialen Institutu Nazionalak argitaratu duen azken txostenaren arabera.

Azken urteetako datuak ez datoz bat Brasilgo Gobernuak COP26 klima larrialdiari buruzko goi bileran iragarri zituen konpromisoak betetzeko jarraitu beharko liokeen ildoarekin. Brasilek, izan ere, 2030erako deforestazioa amaitzeko akordio bat sinatu zuen Glasgown (Eskozia), beste ehun herrialde ingururekin batera, eta horrek urtez urteko deforestazioa nabarmen murriztea sustatzea eskatzen du. Gainera, Jair Bolsonaro buru duen gobernuak hitzeman zuen 2028rako etengo zuela legez kanpoko deforestazioa.

Elkarte ekologistek errealitatea «ezkutatzea» eta gobernuaren politika «ekozida» zuritzea leporatu diote Bolsonarori. «Hau da Bolsonaroren gobernuaren egiazko Brasil, atzerrian bere asmakeriazko diskurtsoekin eta zuriketa berdearekin ezkutatzen ahalegintzen dena», salatu du Mauricio Voivodic WWF elkartearen Brasilgo zuzendariak. Haren esanetan, «antolatutako kriminalek kontrolik gabe jarduten dute Amazonian», Brasilgo Gobernuari esker.

Bolsonarok Amazonia babesteko politikak «etengabe desegin» dituela ohartarazi du Marcio Astrinik, 70 elkarte ekologista baino gehiago biltzen dituen Klimaren Behatokiko idazkari nagusiak. «Munduko oihan tropikalik handiena desagerrarazteko proiektu ankerraren arrakasta da, eta mundu mailako arrisku klimatiko bihurtzen du Bolsonaro». Ekologistek presidenteari egozten diote oihana kontrolatzeko mekanismoak ezabatzea, eta nekazaritza eta meatzaritza ustiatzeko proiektuak babestea, baita halako egitasmoak ingurumen erreserbetan eta indigenen erreserbetan egiten direnean ere.

Adituek garrantzia handia aitortzen diote Amazoniako oihana ez galtzeari, klima larrialdiaren ondoriorik larrienak saihestu ahal izateko.

Brasilgo presidenteak 2019ko otsailean hartu zuen estatuburu ardura, eta agintean egon den denboran Brasilgo Amazoniarendeforestazioa azkartu egin da urtez urte, inoizko hazkunde tarterik luzeenean.

COP26 amaitzeko zain

Deforestazioari buruzko txostenak urriaren 27ko data du, eta hori ez da datu huts bat. Zientzia eta Teknologia Langile Publikoen Sindikatuak nabarmendu duenez, Brasilgo Gobernuak esku artean zituen Amazoniaren deforestazio datuak COP26 hasterako —azaroaren 1ean hasi zen—, baina ezkutatu egin ditu Glasgowko goi bilera amaitu den arte.

Brasilek hilez hileko azken datuak eraman zituen COP26ra, eta deforestazioaren apaltze xume bat aurkeztu zien parte hartzaileei. Joaquim Pereira Brasilgo Ingurumen ministroak gobernuak gehiago egin behar duela onartu zuen herenegun, baina ziurtatu zuen datuek ez dutela islatzen oraindik deforestazioaren aurka eman duten aurrerapausoa.

INPE institutuak satelite bidezko argazkiak erabiltzen ditu urtetik urtera Amazonian deforestatu den eremua neurtzeko. Prodes izeneko proiektuaren bitartez egiten du neurketa hori, eta sistema gai da sateliteekin 6,25 hektarea baino gehiagoko eremuen suntsiketa atzemateko.

Datuek erakutsi dute deforestazioa oihanaren bihotzeraino iritsi dela. Amazoniari Buruzko Zientzialari Taldearen ikerketa batek, berriz, Glasgown aurkeztu zuen txosten batean ondorioztatu du egungo deforestazioaren, lurraren degradazioaren eta suteen erritmoari eutsiz gero Amazonia atzera-bueltarik gabeko puntu batera helduko dela 2050. urtea baino lehen, eta, orduan, landarediaren %70 galduko duela. Beraz, ia basamortu bilakatuko litzateke. Aurten argitaratu diren beste ikerketa batzuek nabarmendu dutenez, Amazoniak karbono dioxido biltegi izateari utzi dio. Eremuak xurgatzen duena baino karbono dioxido gehiago isurtzen du gaur egun atmosferara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.