Qatarko Munduko Kopa

Amildegiaren ertzera itsatsita

Munduko Koparako sailkatzeko fasean, kritika ugari egin zizkioten Mexikori, eta Qatarren ez da ondo sentitu. Oraingoz ez du golik sartu, eta kanporatua izateko arrisku handia du.

Mexikoko selekzioko jokalariak,igandean, Argentinaren aurkako partidan, gol bat sartu zietenean. JOSE MENDEZ / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ez da Mexikoko zaleek amesten zuten Munduko Kopa. Milaka zale mexikarrek bidaiatu dute Qatarrera, baina hasierako poz hura tristura eta haserre bilakatu da selekzioak zelaian zer egin duen ikusi eta gero. Bi neurketatan puntu bakarra lortu du Mexikok, eta ez du golik sartu. Final-zortzirenetarako sailkatzeko aukera badu oraindik, baina arreta handiz begiratu beharko dio Argentinaren eta Poloniaren artekoari.

Aspaldi hasi zuen Mexikok Qatarko Munduko Kopan egoteko bidea, eta bigarren postuan sailkatu zen Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Konfederazioan (CONCACAF). Kanada izan zuen aurretik, eta Ameriketako Estatu Batuak eta Costa Rica izan ziren beste bi sailkatuak. Mexikarrek ez zuten izansailkatzeko arazo handirik, eta hamazazpigarrenez ari dira jokatzen Munduko Kopan.

Aurrez hamasei aldiz parte hartu du Munduko Kopan, eta bederatzitan igaro da bigarren fasera. Gainera, 1986an Mexikon bertan jokatutako Munduko Kopan lortu zuen inoizko emaitzarik onena —seigarren amaitu zuen—, eta geroztik jokatu dituen zortzi lehiaketetan aurrera egin du multzoen fasea amaitutakoan. 1990ean ez zuen parte hartu Munduko Kopan , FIFAk zigortu eta bi urtez ezin izan baitzuen ezein lehiaketatan aritu.

Qatarren ez du inoizko emaitzarik okerrena izango, lau aldiz galdu baititu ligaxkako hiru partidak; azken aldiz, Argentinako 1978ko Munduko Kopan. Hala ere, beti lortu du golen bat sartzea. Hortaz, Saudi Arabiaren aurka gaur jokatuko duen partidan golik sartuko ez balu, lehen aldiz amaituko luke Munduko Kopa bat alerik egin gabe.

Gerardo Tata Martino da entrenatzailea. Bartzelonako eta Argentinako selekzioko entrenatzaile ohiak 2019an hartu zuen Mexikoko selekzioa, eta ordutik 2019ko Urrezko Kopa irabazi du, eta Qatarren egoteko sailkatu da. Hala ere, ia lau urteko ibilbidea zalantzaz beterik egon da. Zaleek eta hango prentsak gogor kritikatu dute Martino; taldearen jokamoldea «eskasa» dela eta aurkariari «beldur handiegia» diola kritikatu diote gehienbat.

Poloniaren eta Argentinaren aurka egindako neurketek ere sona handia izan dute Mexikon. Guztiz desberdinak izan ziren, baina, bi partidak kontuan hartuta, sei jaurtiketa besterik ez dute egin hiru zutoinen artera. Poloniaren aurka 4-3-3 marrazkia erabili zuten, eta baloia bereganatuz saiatu ziren aurkariari min egiten. Hala ere, Guillermo Memo Ochoak penalti bat gelditu behar izan zuen puntua eskuratzeko. Argentinaren aurka, ordea, 5-3-2a erabili zuen Martinok, eta aurkariari eman zion baloia. Kontraerasoan, baina, ez zuen arriskurik sortu Mexikok.

Qatarko Munduko Koparako sailkatzeko fasean eta Munduko Kopan bertan egindako deialdiek ere kritika ugari izan zituzten Mexikon. Qatarren dauden selekzioetako jokalarien adina kontuan hartuz gero, Mexikorena talderik zaharrenetan bigarrena da: batez beste, 28,5 urte. Bederatzi jokalari daude 30 urte baino gehiago dituztenak, eta Ochoak eta Andres Guardadok Munduko bosgarren Kopa dute Qatarkoa.

Hala ere, harrigarria da 26ko deialdi batean eta talde beteranoa izanik hamar jokalari soilik egon zirela Errusiako Munduko Kopan 2018an. Javier Chicharito Hernandez eta Jesus Tecatito Corona dira hutsunerik nabarmenenak. Biak izan ziren Errusian, baina Hernandezek ez du inoiz izan Martinoren konfiantza, eta Corona min hartuta dago. Albiste onena gazteen aurrerapausoa izan da. Alexis Vegak,Jorge Sanchezek eta Cesar Montesek Martinoren konfiantza dute, eta datozen urteetan jokalari garrantzitsuak izango dira.

Irabazi... eta itxaron

Poltsikoan puntu bakarra duen arren, Mexikok aukera dauka final-zortzirenetarako sailkatzeko. Hala ere, mexikarrek ez dute lan samurra izango, ez baitago haien esku bakarrik. Saudi Arabiaren aurka irabazi egin beharko dute, eta zain geratu, ea Poloniaren eta Argentinaren artean zer gertatzen den.

Mexikok hiru puntuak bilduko balitu, eta Poloniakirabaziko balu, bigarren postuan sailkatuko litzateke Mexiko, lau punturekin. Poloniak eta Argentinak berdinduko balute, Mexikok hiru golen baino gehiagoren aldeaz irabazi beharko luke Saudi Arabiaren aurka. Lortuz gero, Argentina kanpoan geldituko litzateke.

Argentinak irabaziko balu, Polonia eta Mexiko berdinduta geldituko lirateke, lau punturekin, eta golak hartu beharko lirateke kontuan. Gaur-gaurkoz, Poloniak jaso dituenak baino bi gol gehiago egin ditu (+2). Mexikok, ostera, ez du golik sartu, eta bi gol egin dizkiote (-2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.