Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Geroa

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ikusten ditugu gure gurasoak sakelako telefonoei begira, eta ohartzen gara egin duten ahaleginaz. Mezuak idazteko aplikazioetan jo eta su ari dira gure ama eta izebak. Sekula euskaraz alfabetatu ez direnek ere, abilidade itzela garatu dute. Euskaraz egitearren zigortu zituzten haiek, bizitza erdia baino gehiago zenbakiak gaztelaniaz esanez pasatu dute, eta beste erdia gaztelaniaz ikasi zutelako halaxe idazten. Orain, euren buruarengan konfiantza irabazten ari direla dirudi. Ortografia akatsak gutxitu ahala, mezu dotoreagoak idazten dizkigute.

Eta guk, erdian gauden belaunaldikook, gure umeei begiratzen diegu, eta begiak irten egiten zaizkigu haien gaitasunarekin. Telefonoa hartu, eta atzamarra mugitzen dute pantailan gora eta behera, zertan ari diren ez dakitelakoan nahi duten lekuetaraino helduz. Eta esaten dugu guk ikasi egin behar izan dugula teknologia berriekin bizitzen, eta haiek teknologiaren aroan jaio egin direla.

Eta badakigu jakin beti hor egon diren gauzak aldatu egin direla. Are gehiago, badakigu jakin oraindik eta gehiago aldatuko direla. Ez dakigu, esate baterako, 2048an nola irakurriko dugun egunkaria. Ez dakigu berriak idatzita dituen papera desagertuegingo den edo ez. Ez dakigu eskuko ordulariak esango ote digun Siriako gerra amaitu dela edo Somalian gero eta ume gutxiago hiltzen direla gosez. Ez dakigu oso ziur zer gertatuko den, eta, momentuz behintzat, daukagunari eusten diogu. Biniloa ere itzuli bada, zergatik ez da paper tindatua modan jarriko?

Ez dakit zenbat egunkari berri sortuko diren, eta zein sateliteri konektatuta piztuko zaidan pantaila. Dakidan bakarra da, orduan ere, euskaraz jasoko dudala munduaren berri, eta euskaraz emango diodala munduari geure berri. Gau eskoletan alfabetatu zirenen, egunkari bat itxi arren beste bat egin zuten haien seme-alabak gara gu, eta umeek pantailan atzamarra nola mugitu dakiten bezain ondo irakatsi digute euskaraz, euskaratik, bihotzetik, idazten eta hitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.