Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Dinosauroa

2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gogoz hartu ohi dugu iraila. Martxa pixka bat, errutina, e-postaren lehortean ur tantak. Itzuli gara atseden hartzeko, deskonektatzeko, esperientziaz aberasteko edo lanean segitu ahal izateko pretentsioez zamaturiko oporralditik, jakinik etxean zain ditugula garbigailu saioak, argazki paseak eta beste hamaika lan hilabete. Ze ongi egoten den bat oporretan!, eta, ahopean, eskerrak ez gintuen gu Ryanairreko grebak harrapatu.

Joatean baino goibelago, sakelak hustuago eta egun batzuetan turista izan nahiak sorrarazten dizkigun deserosotasunen ondorioz barrua nahasiago itzuli arren, pribilegiatuak sentitzen gara soldata osatzeko udako lan prekarioak onartu edota halabeharrez etxean geratu direnen aldean. Oporren bezperan, Miguel Laparraren ahotik entzun genituen Nafarroako langabezia datuak: bigarren lauhilekoan, talde «zaurgarrienetan» jaitsi da bereziki, hots, emakume, gazte eta migratzaileen artean. Antzeko zerbait zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuek, jaitsiera handiena emakume langileen artean izan dela. Aste berean, EHUko ikastaroetan, Eusko Jaurlaritzako politikariak pentsio sistema propioa ezartzearen egingarritasunaz mintzatu ziren (ahaleran, beraz). Baziren arrazoiak oporretan kontent joateko, ikasturtea aise gaindituta. Bakantzetarako desiratzen egonen ziren Corellan, lanean zirela, hildako bi nafarrak ere. Albistegietako ekonomia atalean etxafuegoak bota eta pare bat egunera hil ziren, ur zikinetara erorita, eta, aix, apur bat itsustu zuen horrek ikasturte amaiera.

Hona beste datu bat: abuztuko bederatziekin, berrogeitik gora dira aurten Euskal Herrian lanean hildakoak. Jende langilea direla eta hala ere ez daudela prest edozein lan hartzeko zioten Santurtziko bi beharginekin akordatu naiz (BERRIA, 2018/VII/24). Horretaz ari ote ziren, zuloan sartuko zaituen enpleguaz. Istripu deitzeari utzi beharko genioke.

Ez gaitezen engaina: oporretatik itzultzean, dinosauroa han egonen da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.