Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gina

2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Pariserako bidean gasolindegi batean utzi genuen Gina. Gasolindegitik gasolindegira zebilen Parisa nork eramango galdezka. 20 urteko Berlingo emakumeak bi urte zeramatzan sororik soro. Emakume alaia eta berritsua zen Gina; lauzpabost hizkuntza zekizkien eta espainiera ia perfektuan hitzen esanahiez galdetzen zigun. Smartphone batean apuntatzen zituen hitzak eta esangurak. Ondo ikasi nahi zuen. Gure izenak ere apuntatu zituen, nahiz eta berak ondo ederto jakin seguruen ez ginela berriz ere ikusiko. Gauza denen gainetik mundua maite zuen, eta munduan bizi garen gizon-emakumeok. Autoan sartu eta atoan bota zigun: «Nik mundua salbatu nahi dut, eta gizadia ere bai, jakina». Irribarre egin genuen; badakizu, urteek ematen dizuten irribarre hori, atera eta berehala zahar sentiarazten dizuna. Herbehereetako unibertsitate batean nazioarteko harremanak ikastekoa zen. Unibertsitate hori Argentina eta Txileko unibertsitateekin lotuta zegoen eta munduaren salbazioa Latinoamerikatik has zezakeela pentsatzen zuen. Pertsona batzuek islatzen dute argia, goxo berotzen zaituena. Ginak, bazuen. Auto-stopa gurean demodé zegoela esan nion. Berean ere bai, baina bidaiatzeko modurik merkeena zela erantzun zidan. «Eta arriskutsuena», gehitu nion. Zorionekoa zen, gizon-emakume jatorrekin egin zuela topo esan zigun. Pariserako bidean gasolindegi batean utzi genuen. Besarkada estua eman eta «kontuz ibili eta suerte handia» esan genion. Aztoratuta gelditu ginen, ordea. Abandonatu izan bagenu bezala. Ondorengo egunetan egunkarietan begiratzen nuen Alemaniako neska gazteren baten gorpurik agertu ote zen. Zorionez, egunkariek ez zekarten ezer ere ez. Helduko ote zen Parisa? Herbehereetako unibertsitatean hasi ote ditu klaseak? Gasolindegietan gogoratzen naiz Ginaz. Bizirik irudikatu nahi dut 20 urteko neska alemaniarra, mundua salbatuko duen norbait behar dugu oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.