Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Alu-kontuak

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gustav Courbet-ek marraztu zuen L'Origine du monde -k oraindik ere zalaparta sortzen du. Baginak subertsiboa izaten jarraitzen du. Galde iezaiozu bestela Megumi Igarashiri, hots, Rokudenashiko artista japoniarrari. Bere Obscenidad (Lizunkeria; Astiberri, 2018) komikian dakar. Manko-artea egiten du; alegia, bere aluaren irudiarekin egiten du artea. Izan ere, manko hitzak japonieraz alu esan nahi du. 3D inpresora batean kopia egin eta, esaterako, kayak bat egin zuen. Garestia zenez, crowdfunding bidez eskuratutako diruarekin egin zuen manko-kayak bat. Gauzatzea posible egin zutenei aluaren kopia bat bidali zien 3Dn gauza zezaten. Polizia talde bat etxera joan zitzaion orduan, eta lizunkeria egotzita atxilotu zuen Rokudenashiko artista. Hor hasi zuen bidegurutzea kontatzen du komikiak. Japonian, artistak kontatzen duenez, hitza aipatze soilak ezinegona eta kalapita itzelak sortzen ditu. Gauza harrigarriagoak daude, baina. Kawasaki hirian urtean behin udaberri aldera Kanamara Matsuri jaia egiten dute, hau da, altzairuzko zakilaren jaialdia. Hortaz, zakila bai, gurtu dezakegu zakila; goretsi eta bere ohoretan jaia egin daiteke; alua, ordea, nazkagarria da, baztertu eta isildu beharrekoa. Lehenengoa jai xelebrea da, zakiltzar erraldoiak ateratzen dituzte, mozorrotu egiten dira, argazkiak egiten dituzte. Bigarrena, aldiz, lizunkeria delitua da 175. artikuluak dioenez: «Lizunkeria da desioa, berotze sexuala edota alferreko estimulazioa pizten duen edozein gauza …». Rokudenashiren lehenengo atxiloketak oihartzun handia izan zuen hedabideetan, «ustezko artista» esan zioten. Logikoa, izan ere, ustezko artistak alua du. 2014an Tokioko Epaitegiak esan zuen aluarekin egindako artea pop-art izan zitekeela, baina epai bidea ez da amaitu. Laidogarrikeriak bizi ditu batzuk eta ez harritu halako batean zuhaitz baten loratzea eskandalagarri bilakatzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.