Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Desagertuak

2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kashoggi joan den mendearen amaieran Europako hegoaldera zihoan aberats arabiarra zen niretzat. Ile apaindegietako aldizkarietan azaltzen zen; beti jaietan, zoriontsu eta luxuak inguratuta. Egunotan bere abizena berriz ere ikusi dut egunkarietan: Jamal Kashoggi. Ez dakit zerikusirik ote duten, beharbada Saudi Arabian ere denak erdi lehengusu. Bigarren hori kazetari disidentea (horrela esaten diote) da. Turkiarra zuen neska lagunarekin ezkontzeko paperen bat hartu behar ei zuen Saudi Arabiak Istanbulen duen enbaxadan. Enbaxada-etxera joan zen eta desagertu da. Hortik gorako hipotesiak, hamaika: drogatu egin zutela, baina esku artetik joan eta hil egin zela, gorpua zatikatu eta Saudi Arabiak Turkian duen enbaxadorearen etxeko baratzean egon litekeela, torturatu eta hil egin zutela. The Guardian egunkariak dioenez, turkiar ikertzaileek frogak dituzte Saudi Arabiaren Istanbuleko enbaxadan erail zutela adierazten dutenak. Diplomazia bero- bero dago. Epelago ageri da beste kazetari baten heriotzarekin: Victoria Marinovaren heriotzarekin. 30 urteko kazetari bulgariarrak Bulgarian omen dagoen ustelkeria salatu zuen, eta ikerketa kazetaritza egiten duen Bivol atarirako ari zen lanean. Europako Batasunetik Bulgariara ailegatzen den diru publikoa esku pribatuetara pasatzekoamarruak, eroskeriak eta sekretuak haizatu zituen. Bortxatu eta hil egin dute. Alemanian atxilotu dute ustezko egilea. Mozkortua eta drogak hartua zegoela esan du hiltzaileak, ez zuela hiltzeko ezelango asmorik eta ez zuela bortxatu. Egia deserosoa da. Egia ez du maite botereak. Egia ondo dago argia dakarrenean, baina iluntasuna eta zerrikeria azalerazten duenean, gustu txarrekoa da egia. Badakit, bai: egiak ertz asko ditu, eta kasualitateak ere gertatzen dira. Datu bi besterik ez: iaz 65 kazetari hil zituzten. Aurton, urtea amaitu ez denean, 70. Baina, noski, ez dizut ukatuko, egiak ertz asko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.