Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Abismoa

2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Imajina ezazu zer jazoko litzatekeen kultura albisteak kirol albisteak ematen diren gisara ematen hasiko bagina. «Gaur, Itxaro Bordak ez du zazpi lerrotik gora ezer idatzi, blokeoa hitza erabili du; bestetik, Eider Rodriguezek amaitu du ipuin bat, eta prentsaurrekoan poza adierazi du. 'Ondo joan da gaurkoa, baina liburua bukatu gabe dago, eta egun bateko pozak ez diezagula liburu osoa zapuztu'». Demagun hedabideek adostu egiten dutela kultura ere masa kontua izan litekeela. Kulturak lehentasuna duela. Kultura dela gure ardatza. Kulturak egiten gaituela zer eta nor. Demagun gizonezkoek behingoz deskubritzen dutela, baietz, kultura ere testosteronikoa izan litekeela, eta, halako batean, José Saramagoren liburu batzuetan gertatzen den bezala, denak zinemara eta antzokietara joaten hasten direla, denak berbaldi eta kontzertu klasikoetara doazela, aldizkariak bazter egin, eta liburuak irakurtzen hasten direla; denak eta oro. Demagun Libération egunkariaren azal bihurtzen garela: la révolution basque. Imajina dezakezu zer herri ginatekeen? Agian, Norvegiako lehen ministroak aitortuko luke bai, berak Euskal Herriaren (edo Euskadiren) moduko Norvegia nahi lukeela norvegiarrentzat. Imajina ezazu 30 urtetik beherako gazteak harrapatzeko, kulturaren sarera erakartzeko, edabe magikoa aurkitzen dugula, eta egun dagoen abismoa desagertzen dela. Imajina ezazu mundu bat non nerabe irakurzale bakanek ez dutela ezkutaturik ibili behar. Irudika dezakezu antzerkia eta dantza derrigorrezkotzat hartzen dituen eskola? Eta errealitate bat zeinean idazleek, star bihurturik, milaka fan-gutun jasotzen duten egunero. Imajinazioan murgildurik, irudika ditzaket ehunka milioi euro mozkin ematen duten idazleen elastikoak: ezin ditut begiak poltsikoetan gorde edota Bob Ieregi bizi da. Imajina dezakezu beste mundu bat? Zein rol joko asmatu behar da hau dena irudika dezagun?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.