Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Fribolitatea

2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gutxi iraun du urte berriko itxaropenak, gutxi, su-etenak. Urte berriak zaharretatik datozen gaitz guztiak neutraliza ditzakeela pentsatzeko bezain inozoak ez gara, baina nik su-eten luzeagoa desiratzen nuen. Pentsa zenezake honek baduela inozotasunetik zer, etaizan lezake. Izan ere, munduaren gainbehera ez da geldituko gizaki talde batek mendeetako ohiturari jarraituta urtea aldatzea erabaki duelako. Aitortu behar dut urte berri honetan inoiz baino arduratuago egin dudala denbora trantsizioa. Zahartzearen prozesu kontzientea ei da. Hori esan zidan lagun batek. Ez du esan nahi aurton beste inoiz baino arazo gehiago dagoenik, inoiz baino drama handiagorik, ez; ziurrenen berdintsu dago. Nik, baina, ikusteko era aldatu dut. Hori eta akorduan ez dauzkadan beste zenbait gauza esan zizkidan lagun mistiko batek.

Atzamarrak gurutzaturik ezin gaitezkeenez bizi, lepoan hartu eta segi aurrera besterik ez zaigu geratzen. Nik hasi berri dugun urterako zenbait asmo idatzi ditut. Beharbada garrantzitsuena umore gehiagorekin bizitzeko asmoa da. Mingotsa, beltza, surrealista, naifa; umorez bete nahi dut bizitza. Barre gehiago egiteko xede irmoa daukat. Lehenengo neure buruari barre egin nahi diot, eta gero, zuri eta besteoi. Umorez zipriztindu nahi ditut minak, tragediak, albiste txarrak, munduaren gainbeherak. Uste dut dagoeneko gauza bik baino ez gaituztela salbatuko: umoreak eta poesiak. Horiengana hurbiltzeko asmoa daukat aurton. Barrenean bizi nauen piztia baretu nahi dut. Ez naiz esoteriko bihurtu eta ezelango sektan sartuko. Mundua beste perspektiba batetik begiratu nahi dut: umorearen galbahetik. Friboloa irudituko zaizu, eta hain zuzen aurton fribolitate gehiago nahi dut. Ironia eta sarkasmoa landu nahi ditut, eta nahikoa ez bada, barreterapia hasiko dut. Ea behintzat urtarrilaren hondarrera arte hau dena betetzeko gai naizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.