LARREPETIT

Ligatzeko estrategiak

Goizalde Landabaso -

2019ko urtarrilak 15
Lagunekin garagardotan joatekoa nintzen, baina hor bazaude mesedea egin diezazuket. Ligatzeko webgune batean ezagutu zuen lagun batek On Mesede. Handiegitzat zuen bere burua On Mesedek eta badakizu zer gertatzen den puxika lar puzten denean. Edozelan ere, lagunak beste aukera bat eman zion; denok egin baikenezake laprast horrelako egoeretan. On Mesedek eta neure lagunak bat egin zutenean, asmo ezberdinak omen zituzten. Lagunak, ezagutu nahi zuen argazkian errealitatean baino guapoagoa zen gizona. Gizonak, lagunak ez daki zer pentsatzen zuen gizonak, eta are gutxiago nik. Berbetan hasi zen. Euskararen kontrako teoria denak esan zizkion, ez zuela ezertarako ere balio, hizkuntzara ailegatzen ez den lengoaia erdi basatia dela, etab. Luzaroan egon bide zen hitz eta pitz komarik ere sartu gabe. Ligatzeko estrategia batzuk inoiz ez ditut ulertuko. Arnasa hartzeko tartetxua egin zuenean emakumeak, badaezpada, argitu zion esan zituen denak gezurrak zirela, asmo txarrez eraikitako aurreiritziak, bera filologoa zela eta zientifikoki uka ziezazkiokeela adierazitako denak. Hara intelektuala, erantzun zion destainaz. Nik ez dakit emakumeok zer dugun buruan batzuetan, baina lagunak oraindik ere gizona onena ematekoa zela pentsatu zuen. Orduan, On Mesede estratega handiak antikonkistarako hirugarren araua apurtu zuen: ligatzeko webguneetan zortzi urte zeramatzala aitortu zion; berrehun emakumeekin egin zuela txortan, eta emakumeak menperatzea erraza zela. Emakumeek printzesa ipuina nahi duzue, bota zion Jakiunderako hautagai aproposa izan litekeenak, baina guk ematen dizuegu nahi duguna eta zuek konformatzen zarete guk utzitako pusketekin. Fenomeno handia On Mesede jakintsua. Nire lagunak ez du berriro ikusi (eskerrak!). Hori esan zigun ardo eta cava arteko afari batean gure esperientziak elkarri kontatzen ari gintzaizkionean. Ligatzea zein latza den batzuetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna