Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Napoliera

2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Napoli kaotikora ailegatzean belarria apur bat finduz gero, jabetuko zara bertakoek darabilten hizkuntza ez duzula ulertzen. Berba galduren bat harrapatuko duzu, baina kantaera eta hitzak osterantzekoak dira. Laster, baina, ohartuko zara ahoz aho darabilten hori beste hizkuntza bat dela. Alegia, italiera eta hizkuntza ezezagun hori bi direla.

Zazpi milioik hitz egiten du napoliera-kalabriera. Ez soilik hirian, inguruan ere bai, eta Napoli ingurutik munduratutako familia askok ere badarabilte. Unescoren arabera, napoliera hizkuntza bat da, ez italieraren dialektoa. Toki hori, Mediterraneoko beste asko bezala, joan-etorrikoa izan da. Bertotik pasatu dira: greziarrak, bizantziarrak, frantsesak, aragoiarrak, normandiarrak... Horietatik edan du napolierak, baina oro har hizkuntza indoeuroparra da eta latina du oinarri. Napoliko kaleetan han eta hemen entzun dezakezu hizkuntza. Aragoiko erreinupean hizkuntza ofiziala izateko zorian egon zen, baina inoiz ez da ofiziala izan eta egun ere ez da. Horrek arriskuan jartzen du bere iraupena. Izan ere, zazpi milioi hiztunetik gora ditu, baina ez da eskoletan ikasten, ez dago hedabiderik hizkuntza hori darabilenik, ez dago ia literaturarik eta etxeko eta lagunen eremura mugarrituta dago. Napoliko abesti ezagunak napolieraz daude: O sole mio, edota Funiculí, funiculá. Unescoren arabera, munduan 2.500 hizkuntza dago desagertzeko arriskuan. Napoliera da hiztunik gehien duena, baina ahulezia galantak ditu. Hizkuntza hori entzutean sentitu nuen euskara sekula entzun ez duenak lehenengoz aditzean sentitzen duen harridura, ulermenik ezak eragindako huts oteizarra. Zazpi milioi hiztun baino gehiago izan arren, babes faltak abesti batera muga lezake napoliera ederra. Azken batean, hizkuntza handiek Highlander filmaren xedea dute: soilik gera daiteke bat; eta gerra horretan ere denak galtzaile izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.