Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gure monumentuak

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Denbora asko dedikatu dio ezkerreko jendeak 36ko gerrako kolpisten monumentuekin zer egin eztabaidatzeari. Lehiaketa ere egin berri du Iruñeko Udalak Erorien monumentuarekin zer egin erabakitzeko. Bistan da hildako 4.500 nafar nazionalen senideek eta garaiko erakundeek gerra irabazitakoan, 1942an, eraiki zutela hiriko etorbide nagusian beren memoria politikoa haragitzeko harrizko tenplu erraldoia. Beren erreferente arkitektonikoei agindu zieten (Victor Eusa tartean, Iruñeko beste hamaika toki enblematikoren diseinatzailea: Seminarioa, Eskolapioak, Miserikordia, Eslava Casinoa).

Lau hamarkada joan dira 1978tik. Eta krudela da idaztea baina fusilatutako 3.200 gorri, beltz, errepublikazale, sindikalista eta abertzaleei ez diegu Iruñean inolako altuerako tokirik eraiki. Guk geuk hartu ditugu «gureak» bigarren mailako hildakotzat. 3.200ak, 240 iruindarrak, ez zituzten hil pertsona onak zirelako. Hil zituzten errepublika nahi zutelako, lurra lantzen zuenarentzat, soldata duinak, ogia, eskola, etxea. Zein errekontziliazio klase egon daiteke garaileen hirigintza serioaren eta letoi puskekin konformatzen diren garaituen artean? Bigarrenez ari gara gure senideak hiltzen. Bestela egingo genieke Treptower Park bat, Schönholzer Heide bat, sikiera monumentu horien txataltxo bat. Ez igual Zabalgune ilustrean,baina «gureak» baliraDiscosa osoa erabiliko genuke, adibidez.

Baina ez, guretzat aski da prentsa protokoloek diseinatutako ekitaldi batekin, nahiz eta, komenientzia elektoralarengatik, historia faltsutu, Gursen bezala. Plaka, argazki eta tanboril. Baina afera geu gara: izan ditugu adreiluak txoko gastronomikorako eta ez 1934-1975eko hildako, torturatu, deportatu, iheslari eta abarrentzako loreak jarri eta abesteko lekuak eraikitzeko. Die Toten mahnen uns. (Hildakoek kargu hartzen digute).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.