Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Piztien liburua

2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Animaliak protagonista dituen liburu bat aipatu behar bagenu, inor gutxi oroituko litzateke Ramon Llull (Palma, 1232 - Mediterraneo itsasoa, 1315) Erdi Aroko pentsalari ?iluminatu? mallorcarraren Llibre de les bèsties (Piztien liburua) eleberri laburraz. Idazle, filosofo eta misiolariak —aljeriarrei egiaren bidea, berearena, erakutsi nahi izan zien, baina nonbait ez zuen arrakastarik izan— animalien bitartez islatu zuen Gorteko eragile desberdinen jokamoldea bere narrazioan: lehoia errege aukeratutakoan, Na Renard azeria azpikeriatan arituko da boterea bereganatzeko asmotan. Elefanteak, sugeak, lehoinabarrak, oilarrak eta beleak, besteak beste, osatuko dute jauregiko zoologikoa kutsu moralista nabaria duen nobelan. Oso urrun zegoen oraindik lehenengo europarrak Australiara iritsiko ziren garaia; hori zela eta, Llullen gorteko konspiratzaileek ez zuten ornitorrinkoaren berririk izan.

Nagusi izaten jarraitzen du azpikeriak jardun politikoan zazpi mende geroago, eta egungo iluminatuak, Erdi Aroan bezala,beren pentsaera ezartzera tematzen dira joko zikin horretan. PPko Ana Beltranen eskutik jaso dugu azken moral irakaspena: gazte transexualen aukera«katua, txakurra edo ornitorrinkoa» ote zen galdetu zuen Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran. Adin txikikoek beren burua neska ala mutil sentitzeaz gain bestelako aukerak ere badaudela ezagutzeak ornitorrinkoa ekarri dio burura diputatuari. Llullen antzera, Beltranek fauna erabili du bere mezua helarazteko; baina, paradoxikoki, orduko Europan ezagutzekoa zen Antipodetako animalia izan liteke PPkoaren adierazpena Llullen garaietako pentsabide orokorretik desberdinduko lukeen ezaugarri bakarra. Izan ere, Beltranen gogoeta iraingarriaren atzean ezkutatzen diren transfobiak, ezjakintasunak eta besteenganako mespretxuak erakusten dute bere iritzia Erdi Arotik bertatik, inongo geldialdirik egin gabe, ekarria dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.