Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Martxoaren 8a

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Isabela Miranda de Oliveirak 19 urte zituen hobiratu zutenean, Sao Paulo inguruan, martxoaren 8an. Handik astebetera, 20 urte egin behar zituen, joan den igandean. Unibertsitatean administrazioa ikasten ari zen, eta izugarri maite omen zuen, William Felipe, bere mutil laguna. Albisteetan maiz nabarmentzen diren laugarren mailako informazioak ezer gutxirako balio du. Aratuste igandea zen, eta barbakoa batean gozatzen ari ziren eguna. Euskal kinitoaren antzeko zerbaitera jolastu ostean, Isabelak tekila gehiegi edan ei zuen, eta, atseden har zezan, lagunek goiko pisura eraman zuten. Han zegoen lotan, martxoaren 8.a baino bost egun lehenago, mozkorra joan zedin ohean etzanda. William Feliperen koinatuak ohean ikusi zuen, lo-edo, eta pentsatu zuen bortxa zezakeela, zergatik ez? Eta bortxatu zuen. Horretan zegoela. William Felipe heldu zen logelara, eta, jakina, bere neska laguna erruduna zela ondorioztatu zuen. Hirak hartua bere koinatua Isabelarengandik urrundu ostean, Isabela jotzen hasi zen; ondo jo ere. (Ustezko) bortxatzailearen emaztea ere azaldu zen, William Feliperen arreba, eta hark ere jo zuen Isabela. Baina gutxi begitandu zitzaien, eta orduan etorri zen suarena; su eman baitzioten oheari, bai. Orduan, inguruko batzuk Isabela sutetik ateratzen ahalegindu ziren, baina ordurako suak berea egina zuen. Gorputzaren %80 errea zuela biziari heldu edo ez izan zen erietxean. Bost egunez. Martxoaren 8.ean hobiratu duten arte. Zeloak, zein gauza handia, pentsatuko zukeen Shakespearek.

Brasilen bizi izandako lagun batek kontatu zidan istorioa, erabat aztoraturik. Martxoaren 8koaren ostean. Sututa eta aldi berean lur jota zegoen. «Zein gutxi irauten du pozak», ziostan, aurreko egunean bizi izandakoa akorduan. Orduan gogoratu nuen nire lagun batek solasaldiak errematatzeko erabiltzen duen esaldia. Azkenean, hainbeste gauza dira, inoiz ez dakigu nondik hasi. Ba, horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.