Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Musikaren indarra

2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Familian egiten diren topaldi horietako batean beti dago oroitzapenak astintzen hasten zaren momentua. Komuneko iragana izateak lotzen gaitu, besteak beste, eta lokarri horiek elkartzen garenean azalarazteko joera dugu. Horietako batean harrigarria egin zitzaidan ikustea denok gogoratzen genuela doinu bera. Etxeko batek, ume zela, sehaskan zuen jostailua jo eta jo egiten zuen eta hamarkada batzuk pasatu badira ere, kantatzen amaitu genuen artean gogaikarria egiten zitzaigun ahairea; ez soilik kumako ume hark, baizik eta berarekin hazi ginen denok. Tarte batez guztiok egin genuen denboran atzera, denok sentitu genuen gure artxibategietan ostenduta zegoen sentsazio asko. Zerebroa gauza miresgarria da. Irakurri dut oroitzapenak ez direla egonkorrak, hots, gogora ekartzen ditugun oro gaurkotzen direla eta garunak bertsio berria egiten duela. Gure memoria gara —zioen Jorge Luis Borgesek—, egitura ez egonkorreko museo kimerikoa gara, ispilu apurtu mordo hori. Lantzean behin, baina, Alzheimer izeneko gaixotasunak agerraldia egiten du. Orduan gure memoria dena desagertzen da eta ezerezera goaz. Hala ere, Alzheimerraren gelarik ilunenetan ere ba omen dago helduleku bat: musika. Leipzig-eko Max Planck ikerketa institutuak musikaren bidez memoria zati bati euts geniezaiokeela ondorioztatu du, Brain aldizkarian kaleratu berri dutenaren arabera. Antza denez, emozio handiak eragiten du gomuta biziagoa izatea, eta musika emozio horietara joateko atea da. Antzerako ikerketa bat dago The Journal of Prevention of Alzheimer's Disease aldizkarian. Musika akorduak garunaren alde berezituan geratzen dira, eta horrek ahalbidetzen du dena galdu dugunean gure bizitzako doinuak gogoratzea. Okerrenetan gure garunak norberatasunari eutsi nahi izaten ei dio, eta gaixoak memorian duen musikak eragin ziona sentitzen du.Modu iheskor hori, beharbada, zerbait gehiagorako atea izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.