Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Asperger doktorea

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Liburuen kultur gehigarri bat ari nintzen irakurtzen atzo. Eta arinkeriaz esaten ditugun erdi-txantxa-erdi-irain horien beste kapitulu batekin egin nuen topo (gazteleratik sarritan «mamon» esan izan dugu, ala jatorrian arrazistak, klasistak ala homofoboak diren adjektiboak).

Argitaratu du ingelesez Edith Shefferek autismoaren jatorri naziari buruz. Eta Elisabeth Roudinescoren erreseina argigarria da. Asperger Doktorea, izenez Hans (1906-1980), psikiatra austriarra izan zen. Bere lana nazismoarekin bateratu zuen. Kultua eta hotza, katolikoa eta ezkondua, bost haurren aita. Haur «anormalen» hilketen politikako artisaua izan zen Franz Hamburger, Erwin Jekelius eta Heinrich Grossekin batera. Aktion T4 zuen izena haien planak eta bost urte iraun zuen.

Beren aburuz, baziren «bizitzea merezi ez zuten bizitzak» zeuzkaten haurrak, haur horiek ez zeukatela Gemüt-ik: ez arimarik, ez emoziorik, ezta soziabilizatzeko gaitasunik. Bere esterminazio programa Vienako unibertsitateko pedagogien eta zaintzaren elkartetik jarri zuten martxan. Pedopsikiatriaren jatorria humanista zen, sozialista, psikoanalisiari lotua.

Autismoaren kontzeptua Eugen Bleulerena (1857-1939) ei da eta besteekin harremanak izateko zailtasunak dauzkatenen izaera psikotikoari buruzkoa da. Baina Asperger naziak bere interpretazioa egin eta «berreskuraezinak» ziren autistak sakrifikatu zituen. 44 haurren hilketaren erantzule zuzena izan zen doktorea. Bere kide Hamburger eta Grossek karrera loriatsuak izan zituzten nazien ostean ere. Jekelius Armada Gorriak atxilotu zuen, ordea, eta hil arte egongo zen lan eremu batean, «egin zituen izugarrikeriak onartu ostean».

«Asperger» sindromea 1970etan berreskuratu zen, Aspergerrek berak 40ko hamarkadan idatzitakoak tuneatu ostean. Bizitzaren miseriak, Lorna Wing psikiatra britainiarrak eman zuen ezagutzera. Wingen semea autista zen, bere zorionerako ez zen hamarkada batzuk lehenago Aspergerren kontsultatik pasatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.