Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zeinek daki?

2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Medikuaren kontsultan: —Egun on. —Egun on. Jaume Gelabert. Katalana?

—Bueno, ni...

—Kontua da ni oso konstituzionalista naizela.

—Bada, nik eztarriko mina dut.

Ia bost urte joan dira pasadizoa gertatu zitzaidanetik, tartean Katalunian 2014ko A9a izatekoa edo izan berria —oroimen kaskarra dut, gero eta ahulagoa— zenean. Artatu ninduen sendagilea ez zen osasun zentroko ohiko laguna izan —bidenabar esana, maitagarria eta profesional bikaina dena—, ordezko mediku bat baizik. Gaztelania batu jatorrean izan genuen elkarrizketa; nola, bestela? Azken finean, zer nahiago ote nuen nik, euskaraz zekien medikua ala mediku on bat...

Nafarroako mediku batzuen—gutxiren, antza— grebaren karietara oroitu naiz pasarte horrekin. Behin baino ez nuen ordezko sendagile harekin harremanik izan, baina egun hartako aitorpen, nola esan, «bitxiak» gogora ekartzen dit noizean behin. Bere ibilbidearen gaineko hipotesiak egiten ditut tarteka. Jarraituko ote du osasun zerbitzu publikoan? Hala balitz, jakin nahi nuke Sindicato de Medicos de Navarrako —barkatu, ez naiz euskal ordainik aurkitzeko gai izan sindikatuaren webgunean— kidea izanen ote den, eta greban parte hartu duen sindikatuak deituta. Horrezaz gain, neure buruarigaldetzen diot greban parte hartuko ote zuen lan baldintzak eta zerbitzu publikoa hobetzeko asmotan, txalotzekoa litzatekeena, ala sindikatuko ordezkari batek salatu duen Skolae hezkidetza programarekiko desadostasuna adierazteko eta, bide batez, programa abiatu duen gobernuaren kontra aritzeko, hauteskundeak iristear direla baliatuta? Zalantza gehiago ditut: esaterako, sindikatuaren estrategiari men eginda, euskararen aurkako —bon, berdintasunezko etorkizun baten aldeko— manifestazioan parte hartuko ote zuen? Vox alderdiko hautagaia eta SMNko burkidea—baldin eta gure protagonista sindikalista balitz, noski— ezagutuko ote du? Espainiako Konstituzioaren zale sutsua izanen ote da oraindik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.