Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zientzia fikzioaren errealismoa

2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Iraganeko ameskeriak denbora-pasa interesgarriak dira, etorkizuna aurreikustea bezala, baina oraina da bizitzaren borroka jokoa duen territorio bakarra». Iñaki Gabilondo kazetariaren esaldi hori etorri zait gogora The Expanse ikusi ostean. «Gizadiaren arima ulertzeko balio duen telesaila da», esan zidan lagun batek ikusi berri dudan telesaila gomendatu zidanean. Hasieran ez nuen ulertzen zer arraio zuen telesailak hainbesteko iritzi on biltzeko. Denbora kontua izan da. Etorkizun ez oso urrun batean lurtarrak Eguzki Sistemako bazter orotara heldu dira. Martitz eta beste zenbait planeta edota tokietan bizi da jendea. Denak dira gizakiak, baina bakoitzak bere: jatorri, kultura, hizkuntza, planeta... ditu. Bat eta bakarra, hegemonikoa. Beste dena ez da existitzen. Emakumeak gutxitan daude agintean. Klase borroka, feminismoa, botere nahia, traizioak, maitasuna, anaitasuna, kolonialismoa, inperialismoa... dena dago telesail honetan. Aseezina da gizakia. Boterearen indarra ez da erabaki guneetan ematen soilik, toki orotan exekutatzen da. Botere inposaketaren kate hautsiezina da. Goikoaren opresioa jasotzen duenak azpian duenari egingo dio gauza bera, eta hark bere azpikoari, eta honek bereari. Erabat piramidala. Sumisioak hamaika aurpegi ditu, eta haietako bat gurea da. Ezberdina ametiezina da, betiko dualismoan galdurik dago gizakia (batik bat, gizonak, emakume gutxi baitago). Suntsipenaren gailentzea. Distopia etsigarria. Gauza batek poztu nau: heriotza oraindik ere existitzen da. Estatubatuarrek egin izan ez balute ezberdina zatekeen? Emakumezkoek idatzi izan balute, zelakoa izango zen? Etsipenean egin dut topo Santiago Beruete filosofo iruindarrarekin: «Dezepzioa bizitzan dago. Beldur handirik gabe bizi behar dugu, baina itxaropen barik, espektatibak baitira gure ezinegonaren jatorria». Gidoilariak ez dira etorkizunaz ari, egungo mundua kontatu nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.