Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Consolacion

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hirurogeitik gora urteko gorputza zeukan, baina aurpegia ikusi nionean jabetu nintzen ez zituela hogeita bost urte baino gehiago. Bazterrera jesarrita zegoen, eta zenbat eta bazterrerago orduan eta gehiago geratzen zitzaion zintzilik ile-txorta luzea. Bakarrik zegoen medikuaren itxaron gelara heldu nintzenean. Kaixo, esan nion, eta, kaixo, erantzun zidan. Buruaren pisuari eusten zion orain esku batekin, orain bestearekin. «Ez dago». Medikuak premiazko irteera izan zuen eta itxaron behar genuen. Orduan hasi ginen berbetan. Buruko min izugarria ezin kendurik zeraman denbora luzea. Hitzordu barik zetorren. Nirea tramite hutsa zen eta medikua zetorrenean pasatzeko esan nion. Isiltasuna. Bere arnasotsa. Gaixo txarra naizela aitortu nion orduan, eta berak bere izena esan zidan: Consolacion. Izena eta izana. Izen batzuk ziega ilunak dira. Zer izango ote zuen buruan izena eman zionak? Okerrenean, gaitz erdia. Kontsolamendua eta kontsolazioa, hori amildegia. Zer itxaroten zuten gurasoek, ahizpa askoren osteko mutila? Consolacionek ezin zuen kontsolamendurik eman kontsolazioa baino ez zelako. Medikua etorri zenean deitu egin zion: erdu, Consolacion. Baimena eskatu zidan begiradarekin eta nik baiezkoa egin nion buruarekin. Tarrapatan sartu zen medikuarenean. Handik gutxira irten zen falta zitzaizkion proba batzuk egitera. Odola eta txiza. Amaitu zuenean itxarongelara itzuli zen. Ondoan jarri zitzaidan. «Zer ordu da?», galdetu zidan.Sakelakoa atera eta ordua eman nion. «Dena ondo dago», esan zidan ni kontsolatu guran edo kontrolagaitz zen eremu hartan bere burua baretu nahirik. Samurtasun infinitua sentitu nuen eta hain babesgabe zegoen emakume hura besarkatzeko gogoa sartu zitzaidan. Lotsatu nintzen, ordea. Bere espazioa inbaditzera noala senti zezakeen; eta gero birusak eta bakterioak zeuden. Paperez josita irten zen. Irribarre txikia egin zidan eta alde egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.