Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Venezia

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Badira leku batzuk barruraino sartzen zaizkizunak, bere edertasunagatik bainoago, bere arimagatik. Badira toki batzuk ametsetan behin eta berriro bisitatzen dituzunak. Behin baino ez naiz Venezian egon, eta bai, esan dezaket, Venezia ederra da. Veneziak arima du. Zimurrak, zainak eta orbainak begi bistara dituen hiritzarra da. Tiziano Scarpa idazlearentzat arrain bat da, eta horrela adierazi zuen egindako gida poetikoan. Peggy Guggenheim hain zegoen liluratuta hiriarekin bertan bizi izan zela, eta, bertako Vernier dei Leoni jauregira batu zituela: Picasso, Kandinsky, Miró, Klee, Magritte, Delaunay edota Modiglianirenmargolanak. Erositako gondolan iluntzeetan kanaletatik ibiltzen omen zen edertasuna irentsi nahirik. Bere arima zatia ere han geratu zen, harrizko kale zahar horietan. Lohia zela esan zidan lagun batek joan orduko; Venezia ezer bada zikintasuna daukan hiria da, esan zidan, eta hatsa dario bazter orotan. Lagunaren ustez, merezi ez zuen hiria zen. Gozakaitz hori, pentsatu nuen gerora hirian galduta, kale estuetatik eta zubietatik nenbilenean. Stendhal sindromea. Venezia historia da, eta artea. Batez ere, baina, Venezia poesia da. Urak hiria hartzen duenean, portu ertzean itsasoak usaina zabaltzen duenean, eguzkia sartzen denean... Hiriarekin gogoratzen naizenean kaleetan ostenduta zegoen taberna zaharra etorri ohi zait burura. Bilboko Poza kalean dagoen bodeguilla zaharraren oso antzekoa. Etorkizuna bainoago iragana duten tokiak dira, egungo jabeen desagertzearekin joango direnak ziurrenen. Lord Byronekin pattar bonboi kutxa osoa irensteko gogoa sortzen zaizu Venezian, edo Nietzscheren bakardadeetan galtzeko, eta baita, Bolañoren paradisua aurkitzeko presa datorkizu ere.

Behin baino ez dut bisitatu Venezia, beti itzuli nahi dut, baina agian beragatik, bere iraupenagatik, bere edertasunagatik egin dezakegun onena ez itzultzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.