maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ilegalak

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gizakion burua nola den: ikusten ditugu desmasiak albistegietan afaltzen dugun bitartean, eta ez zaigu supermerkatuan erosi dugun entsalada kontrako eztarritik joaten. Hain gauden irudi horietara ohituta; hain gabiltzan gure zilborrari so; zer eta hondamendia parean suertatzen zaigun arte.

Niri pare-parean ez, baina zeharka egokitu zait, lagun batek enkargua eginda. Greziako Samos uhartean pasatu du hilabete, han diren errefuxiatuei ahal bezala laguntzen; eurei entzun eta testigantzak jasotzen; eta, esku abila izanik, hango egoeraren berri emateko ilustrazio liburu bat egitea bururatu zaio; testuak idazteko proposatu dit niri.

Udako errefuxiatuen krisi izeneko olatua pasatuta —guretzako baitzen krisi haientzako bidaia eta biziraupen iraunkor bilakatu dena—, bazirudien ahantzia zitzaidala berriro Afrika, Mediterraneoa eta Europa ekialdea gurutzatzen dutenen zoria; gaiztokoa, usu. Baina hor daude, diraute, dabiltza, dautza; eta bitartean, Samosen berri ez du inork, ezta arratoien artean bizitzeko baimen eske dabiltzan taupada guzti horienik ere.

Lagunak ekarritako istorio eta informazio parrastarekin euretako bat banintz bezala idatzi ditut poemak, euren azalean jartzea ia ezinezkoa dela jakitun —eta ez preseski koloreagatik—. Eta idazten nenbilela ikastolan Historiako eta Frantseseko klaseetan lantzen genituen olerkiak etorri zaizkit gogora, Lehen Mundu Gerrako trintxeretatik eta bigarreneko kontzentrazio esparruetatik izkiriaturikoak.

Denbora asko pasatu da horiek sentitu eta papereratu zituztenetik, baina badirudi ez dugula ikasi. Berdin sufritzen eta sufriarazten segitzen dugu, eta gerok sorturiko desmasiak ikusten ditugu albistegietan afaltzen dugun bitartean, edo ez ikusiarena egiten. Eta supermerkatuan erosi dugun entsalada oraindik ez zaigu kontrako eztarritik joan, gizakion burua sarri burugabea nola den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.