Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Berandu baino lehen

2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Turismo ereduaren aldaketa izan nuen hizpide Mallorcako lagunekin lehengo eguneko bermutean. Balkoitik balkoira saltoka aritzen diren turista britaniarrak eta grabitatearen indarra uztartu genituen solasaldian ?«erotuta daude giri horiek!»?, kanpo-espazioko bisitariak ere iritsi direla kala ezkutuenetara aipatu genuen ?«ikusi duzue Caló des Moroko argazkia? Urpekoaren azkoinak baino estuago daude»?, eta kolonizazio kulturalaz ere aritu ginen ?«taberna horretan lehen hitza ingelesez egiten digute. Katalana? What's that?»?. Norbaitek seny pixka bat ekarri zuen elkarrizketara gure ikasketa-bidaia gogorarazita. Kultur talka handiegirik jasan ez genezan, Eivissara egin genuen espedizioa, eta han hondartza-parranda-hondartza egitaraua zorrotz bete genuen ?egia da gu ez ginela grabitatearen kontrako deman aritu?. Antzeko ibiliko ziren Mallorcara etorri eta oporraldia Galeon tabernan Kortaturen kantak entzuten ematen zuten turista euskaldunak. 32 urte pasatu dira ikasketa-bidaia horretatik.

Ahalik eta turista gehien ekartzea helburu duen eredua aspaldikoa da Balear uharteetan eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, gobernuan izan diren talde guziek ezarri izan dute. Jasangarritasuna saldu nahi izan digute, hitza jasangaitz bihurtu arte. Ez da posible muga guziak aspaldi gainditu dituen ustiaketa-eremuan jasangarritasunaz mintzatzea eredua goitik behera aldatu gabe, eta hemen overbooking denboraldia arrakastatsutzat jotzen da oraindik.

Palmako alde zaharreko Ramon Llull liburu-denda mitikoa itxiko dute. Saltzaileak ez dio eroslearen erantzukizun pertsonalari leporatu itxieraren errua ?ez dute nahiko libururik erosten, Amazon, e-booka...?, azaldu dit oso denboraldi ona izan arren ezin izan diola aurre egin auzoaren gentrifikazioari, lokalaren jabeak enpresa atzerritar bati salduko diolako. Nik kontatu diot Euskal Herrian turismoaren ondorioen gaineko eztabaida zabaltzen hasi dela eta hark «han munstroa geldiaraziko dute, gu berandu ohartu ginen» iragarri dit. Hala izan bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.