Hedoi Etxarte
LARREPETIT

40 bake urte

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Urteurrenak, garai bateko Santamasak bezala, emaitza kaxkarrak jasotzeko egunak izaten dira jende xehearen etxean: denboran iraun ez duten garaipenak, potentziala zuten baina lasto bustia izan diren jazoerak ala pantailetako errituak.

Hala heldu da ere Gernikako Estatutuaren urteurrena, euskaldun guztiok lepagogorra hartuta gauzkana, eguzkia mendebaldetik ateratzen dela uste baitugu. Eztabaidaezina da eskuin abertzalearen garaipen erabatekoa. Eztabaidaezina ondarea: ustelkeria gaindikina eta egiturazkoa; ekidade soziala lortzeko bere burua Zeutarekin (espainiar kolonia bat Afrikan) alderatzen duena; kapitalaren presio fiskalean Trumpen paradisuekin lehiakorra dena; polizialki Europan parekorik ez duena; diglosia egonkortu duena eta jende xehenari euskara ikastea ezinezko egin diona (ezin duelako ordaindu); hezkuntzan, ekologian eta garraioan Madrileko eredu klasistarekin lehiatzen duena; lurralde desorekan maisu, munduaren hiriburu Loiu.

Eta, ordea, tristeena da bataila partidistetatik aparte, ez dela Estatutuaren azterketa xehetasunez beterik egingo (ETAren zikloaz egin ez den bezala). Zeren, funtsean, denon ustea baita hau dela izan zitekeen munduetan tokatu zaigun onena: eta horregatik kopiatzen da ahal bait gehien Nafarroa Garaitik EAE. Frakismoak aberastu zituen milaka lagunen ondareari lore eskaintzekin aurre egiten dion eskuin abertzalea da Uberri, MTVri, masa turismoari, Glovori eta Airbnberi atea zabaltzen diona. EAJk saltzen du ez dela Erregimena. Eta bere ezkerrekoek erosten duten EAJ ez dela PP bezain eskuina: eta inor ez da kexu, denok jasotzen dugu marmeladaren ttanttaren bat.

Ekainean hemen bertan aipatutako Hannah Arendten hitzak errepikatuko ditut: «Gezurrekin historia bera suntsitzen da eta bere ulermena [...] arriskuan jartzen da, egitateak ez direlako lehenaldiko eta egungo munduaren parte gisa kontsideratzen, manipulatzen dira iritzi hau ala bestea demostratzeko». Gaur egun, Estatutuaren garapenaren azterketa fidel bat egitea, ariketa iraultzaile bat litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.