Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hodeitasuna

2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iluntzea da eta kanpoko euriteak jendea etxeratu du. Tabernan lagun bat eta biok soilik ikusterakoan tabernaria garbitzen hasi da. Agian gaur goiz helduko da etxera. Halako batean sartu dira hiru agure mantso eta patxadatsu. Euretako bi gure alboko mahaian eseri dira. Hirugarrena, berriz, eskatzera joan da: hiru ardo eta tortilla pintxoa hiru ogi zatirekin. Pintxoa mahaira eraman du agureetako batek eta jesarrita zegoen besteak hiru zati berdin egin ditu. Hitzik ia ez dute egiten, baina honek zerikusia izan lezake musikarekin; altuegi dago. Edo agian musikaz gozatzen ari dira? Samurtasunak nire baitan hodeitasuna eragiten du. Ez dakit zelan azaldu hau, ziurrenen Euskaltzaindiak sekula ez du berba onartuko, baina horixe da sentitzen dudana: hodei amultsu gaineko zapore goxodun argitasun epela. Agur Xiberua entzuten hasi da, bazter guztietan. Rubens orain baletor hiru grazien bertsioa egingo luke hiruki orekatua sortzen duten hiru gizon hauekin. Hiruetako batek ahopean jarraitu dio kantuari, beste batek hatz mamiak mahaiaren kontra eraginez erritmoari jarraitzen dio. Hirugarrenak lantzean behin abesti zatiak kantatzen ditu. Niri ere pasatzen zait abestien berbekin, tarteka gogoratzen ditudala. Hatz-mamiekin erritmoari eusten dionak ez daki zein kantu den, eta ahopean kantari zebilenak azaldu dio. Herrimina daukala kantuak, etorkinen ereserkia izan daitekeela diotso, Xiberua esaten duen tokian beste edozein herri jar litekeela. «Cacabelos ere bai?», baietz erantzun dio lagunak. Tarte txiki batez elkarrekin jarraitu dute kantua entzuten. ... zü ütziz geroztik bizi naiz tristerik, abandonaturik... Gizonetako bat altxatu da. Edalontzia hartu eta tabernako barran utzi du. Laster beste lagun biek jarraitu diote. Azkenak agur esan dio tabernariari; honek, ostea, «bihar arte» erantzun du.

Iheskorra da hodeitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.