maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ez noa urrutira

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hiru ikasturte eta erdi igaro dira 2016ko irailean uda hartan burkiniaz izandako polemika papereratu nuenetik Larrepetit-eko Nork eta zer estali beldurti bezain ausart hartan. Beldurti, garai hartan nire ondoan bizi zirenek ederki baitakite jakin zenbat buelta eman nizkion testuari erredakziora bidali aurretik; eta nola jan nituen tripak argitaratu eta neure burua plaza publikoan biluzik ikusi nuenean (zer eta biluztasunaz mintzo). Ausartarena berez doa, azaldutakoagatik.

Geroztik ehundik gora artikulu idatzi ditut presoez, emakume izateaz, hizkuntzaz, Ipar Euskal Herriaz, gazteriaz, kulturaz, politikaz, errefuxiatuez, gazte mugimenduaz, garai aldaketez, harremanez, teknologiaz, independentziaz, ikasketez, bertsolaritzaz, Frantziaz, Espainiaz, Euskal Herriaz: titularretako gertakari handiez eta egunerokotasuneko detaileez. Eta horiei guziei buruz, nigandik, eta bidenabar, nitaz. Bai: anitzek nabarmendu izan didate nire bizitza kontatu dudala zutabeetan; eta gehiago edo gutxiago, egia da. Nitaz idatzi dut, feminismoak erakutsi zidalako pertsonala politikoa dela, eta horretan sinetsita aritu naizelako: nireak antzekotasunik izanen zuelakoan bertze batzuenarekin, eta bertze batzuei ere balioko zielakoan. Poz horrekin gelditzen naiz hala izan bada.

Dagoeneko ohartu izanen zarete zutabe honen despedida kutsuaz, azkeneko Larrepetit baitut gaurkoa. Eta baliatu nahiko nuke eskerrak emateko. BERRIAri, konfiantza osoz emakume gazte bati plaza hau eskaintzeagatik. Eta nola ez inguru hurbil zein urrunagoari: animatu nautenei, antsietate momentuetan zaindu nautenei (gutxi hitz egiten da sortzaileen zaintzaz), asteazkenero nirea irakurri zain zeudenei, tarteka irakurri, eta zoriondu, eta kritika egin didatenei. Plazer bat izan da esperientzia hau zuekin konpartitzea. Baina lasai, hau ez da-eta betiereko despedida: ez noa urrutira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.