Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Puntu txiki bat besterik ez

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
1990eko otsailaren 14an Voyager-1-ek egin zuen gure planetaren lehen argazki osoa; gugandik 6.000 kilometrora. «Begira ezazu puntu hori. Horixe da hemen. Hori gure etxea da. Gu gara hori. Bertan bizi (izan) dira maite eta ezagutzen dituzun guztiak, existitu den gizabanako orok bertan eman du bere bizitza». Horrela idatzi zuen Carl Saganek erretratua ikusi ostean. Argazkia azaldu barik txatxutzat hartuko duzu hor ageri den ia zirriborro den puntua. Urdin-gris kolorea duen oihal antzeko zerbait da argazkia, erdi aldean goitik behera marra zurixka dago, eta erdigunean, puntu nano bat. «Pale blue dot» (urdin margul puntua) esan zioten erretratuari. Artean Carl Sagan eta Carolyn Porco zientzialariak Voyager-1 zundaren irudi taldekoak ziren eta NASA konbentzitu omen zuten zundak Eguzki Sistemaren argazkia atera zezan. Ordura arte gizabanakook ez genuen gure dimentsioaren kontzientzia; susmatzen genuen zer izan gintezkeen, baina begi aurreetan erakusterakoan jabetu ginen zer gauza gutxi ginen. Psikologian badago kontzeptu bat, Lacanek garatu zuena, ume batek lehenengoz bere burua ispiluaren aurrean ikusten duen unea azaltzeko: ispilu-aldia. Momentu hori ei da norberak bere buruaren konstantzia izaten duenean, alegia, nia garatzen denean.

Carl Saganek antzeko zerbait sentitu omen zuen argazkia ikusterakoan, eta bere hausnarketak eta sentsazioak liburu batean azaldu zituen: «Urdin margul puntu bat: gizadiaren etorkizuna espazioan». Nik ez dut akorduan noiz ikusi nuen Lurraren dimentsioa lehenengoz. Batzuetan gure neurriaren zenbatekoa betitik izan dudala pentsatzen dut. Ez da horrela, baina. Nik ere Lacanen ispilu-aldia biziko nuen lehenengoz. Etxera bidean, iluntzeetan, artizarra begiratzerakoan pentsatzen dut hori garela gu, distantziaren arabera gero eta ezdeusago, gure dimentsioa ahazturik bizi den kuadrilla galdua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.