Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Desorduetan

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Edozein unetan dei diezazukete. Harrikoa egiten ari zarela afalostean, lagun arteko garagardo orduan edota lanean buru belarri zaudelarik. Inpunitatea eta batek daki non erositako (nork saldutako) telefono zerrenda luzea dituzte.

Hasieran beti dira atsegin, abegikor. Niretzat goxotasun oro amaitzen da «zure segurtasunerako deia grabatzen ari gara» esaten dizutenean. Automatikoki Hertzainak datorkit gogora eta e, txo! gehiegi itxoiten duk erantzuteko gogoa ematen dit. Baina ez dut egiten. Ni ere atsegin izaten naiz, beti pentsatu ohi dut latza dutela beste aldeko horiek lan hori. Baina hau ere amaitu zait, dagoeneko. Marketin zaharreko ahotsak dira, beti munduko gauzarik zoragarriena salgai, ergeltzat hartzen zaituzte onartzen ez duzunean ustezko loria eskuratzeko abagunea. «Ez iezadazu esan ez duzula aurreztu nahi dirurik...?». Ez dizute atunburu esaten, baina airean gelditzen da berba, eta zuk, txoropito honek,uko egiten diozu zure bizitza konponduko duen pagotxari. Ironiaren marrara heltzen den eztitasunez esaten diozu ez zaizula interesatzen, eskertzen duzula zurekin hizketan eman duen tartea, badakizula lanean dagoela, baina ez zaizula interesatzen. Beste aldekoak ekiten dio, ez du etsitzen, eta bere erasokortasunak gogaitzen zaituenean agertzen da zure munstroa. Azkenean, asmorik ez bazenuen ere, haserretu egiten zara, inbasioa demasakoa da-eta.

Duela egun batzuk horrelako dei bat izan nuen. Baimenik gabe sartu zitzaidan gizonezko ahots bat bizitzan, ez dakit zein produktu zerutiar saldu nahian. Euskaraz erantzun nion ez zitzaidala interesatzen, goxo baina irmo. Atoan amaitu zen abegitasuna. Ez zidala ulertzen esan zidan idor, hori bere arazoa zela erantzun nion arraitsu, eta euskaraz. Alferrekoa zen, badakit, ez baitzidan ulertzen, baina agian desorduetako dei hauetarako gakoa aurkitu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.