Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hizkuntza ere kutsatuko du

2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Lehen asteko ostiral goizean Iruñeko Konpainia plaza jendez lepo agertzen zen urrutitik ateratako argazkietan, Hizkuntza Eskolako atariaren parean. «Kontxo—pentsatuko zuen baten batek guatxapeko irudiak ikusitakoan— hauek guziak ez dira ohartu orain eskolak bideokonferentziaz ematen dituztela». Euskaltzale izanik, une bateko inspirazioa ere izan zezakeen, «ea euskara ikastaroetan matrikula egitera etorri ote diren», eta poztuko zen, gobernu foralek matrikula kopurua maltzurkeriaz eta tranpati erabili ohi baitute taldeak ixteko. Arreta handiagoz erreparatuta, bildutako talde handia uniformedun maskaradunez osatua zela egiaztatuko zuen. Ostiralerako matrikula egiteko epea amaitua zen; agian euskarak hiztun potentzial batzuk galdu zituen. Gerora jakin genuen militarren helburua ez zela Hizkuntza Eskolako taldeetan izen ematea, ez euskaran ez bestelako hizkuntzatan; egia esatera zalantzazkoa da zein zen operazioaren xedea, ez baitziren desinfekzio lanetan aritu —horretara etorriak omen ziren—, eta gehienbat Alde Zaharreko kaleetan patruilatzen eta hiritarrei identifikazioa eskatzen eman zuten goiza; horiek guztiak soldaduei ez dagozkien lanak, bestalde.

Auskalo foru gobernuak pentsatuko ote zuen militarrek hizkuntzak ikasten galduko zutela denbora; gobernuko ordezkariek argi dutena da Nafarroako biztanleek ez dutela datozen urteotan euskara, frantses, ingeles edo aleman ikasketetan astirik galduko, honezkero erabaki omen baitute talde eskaintza murriztuko dela —sorpresa, murrizketak iritsiko dira—. Birusaren albo kaltea izanen ote da hizkuntzetan interesa galtzea? Ez dut uste. Eta pentsatzen dut administrazio publikoen ardura dela hiritarrei hezkuntza eta kultura jasotzeko bidea erraztea, esaterako, matrikularen prezioa jaitsita. Hezkuntzako arduradunek aztertu ote dute murrizketa soila ez den beste biderik? Birusak min handia egin du dagoeneko, eta zoritxarrez etorkizunean jarraituko du jotzen arlo askotan. Euskarak ere jasoko du gaitzaren kutsadura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.