Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Irakaspen zerrenda (I)

2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hilabetea joan zaigu itxialdia hasi zenetik, eta tarte horretan jaso ditugun irakaspenak zerrendatzen hasi gara etxean. Adibidez, adituek aldez aurretik bazekitela zein izanen zen izurriaren urrats bakoitza eta zer egin behar zen kalapitarik gerta ez zedin; baina katastrofeak izan ondoren esan ohi digute hondamena eta hartu beharreko erabakia lehendik ezagutzen zituztela. Auskalo zergatik, hargatik. Aditu berei esker jakin dugu noiz atera balkoietara eta noiz ez, ateraz gero zer egin eta nola, eta zein diren ateratzeko edo egongelan geratzeko gure arrazoiak: geure burua ezagutzen lagundu digute. Estimatua da. Horrezaz gain, gizaki orok bere baitan epidemiologo, psikologo, filosofo eta ekonomista bat duela sumatu dugu.

Introspekzio ariketatik tiraka, ohartu gara erosketak egitea eta zaborra jaistea gure ezkutuko plazer erreprimituak zirela, nahiz eta oraingo askatasun aldarrikapena berriz zokoratuko dugun itxialdiaren amaierarekin batera, zantzu guzien arabera. Hilabetez bikotekidearekin 24 orduko etxealdiaz gozatzea posible dela jabetzeak harritu gaitu, ongi barneratua dugun arren itxialdia bukatutakoan nor bere lagunekin eta bakoitza bere buruarekin izateko tarteak bilatzea premiazko izanen dela. Etxeko eskaileretan gora eta behera ibiltzea nahitaezko ariketa osasungarri bilakatu zaigu, eta aldi berean ezagutu dugu zenbait auzokidek igogailua erabiltzeko ere laguntza behar dutela. Konfinamenduak irakatsi digu lagun onek eta senideek lagun onak eta senideak izaten jarraitzen dutela bideo konferentziaren beste aldean daudenean, eta, hain justu horregatik, bitartekari teknologikorik gabeko harremanei eutsi nahi diegula. Liburuak —paperaren aldekoak gara— irakurtzea maite genuela uste genuen, baina egiaztatu dugu pantailak tarte luzez piztuta izaten ditugula, telesailei eta telelanari telekateatuak.

Geure artekoa izan dadila: irakaspen horiek guziak lehendik ezagutzen genituen etxean, baina ez dizkiogu orain arte elkarri esan. Auskalo zergatik, hargatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.