Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Festa bertan behera

2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Hiria postuez betetzen da, liburuek postuak estaltzen dituzte eta arrosek kolorea ematen diote festari. Gozamena da Palmako alde zaharreko kaleetan barna ibiltzea apirilaren 23an: hemen liburu aurkezpena, hor idazle bizi baten sinadura gatzgabea, hango paradetako liburu saltzailearekin solasean aritzeko tartea, eta, aitortu behar dut, etxetik atera bezain laster kontsumismo konpultsiboa. Eguraldi ederra izaten da Mallorcan apirilaren hondarrean. Llibreter batek aitortu dit aurtengo Sant Jordi egunean euria egin dezan desiratu duela. Telefonoz hustu du barrua. Antsoaindik bat egin dut berarekin. Aurten ez dut amarendako arrosak erosterik izanen.

Pandemiak 2020ko festa bertan behera uztera behartu du. Kolpe latza izanen da liburugintzan bizimodua ateratzen duten lagun guziendako, urteko irabazien parte handia baita apirilaren 23koa. Egoerari ahal den neurrian aurre egiteko, zenbait ekimen sortu dituzte letra katalanetako eragileek. Herrialde Katalanetako hogeita hamazazpi argitaletxe independentek —horietako asko 2008ko krisiaren hondakinen gainean sortu ziren eta badakite zer den hari-harian ibiltzea— manifestu bat kaleratu dute; plataformak bisitatzera animatzen dute —Interneteko denda handiak, Llibreries Obertes bezalako plataforma kolektiboak, «arrisku sanitarioaz kezkatzen diren liburu denda independenteak» eta Sant Jordi eguneko parada birtualak— nork erabaki dezan liburuak erosteko zer sistema nahiago duen konfinamendu garaian. Liburu dendek solasaldiak eta liburu aurkezpen birtualak antolatu dituzte. Liburugintza urtean zehar ikusarazteko kanpaina bat abiatu dute liburu denda kooperatiboek, ikusgarritasuna egun bakarrean bildu ez dadin. Argitaletxeek, banatzaileek, liburu-saltzaileek, itzultzaileek, idazleek eta irakurleok osatzen dugu katalanezko liburugintzaren ekosistema oparoa, eta guzion artean irtenbide irudimentsuak asmatuko ditugu gure festa zapuztu ez dadin, eta... Barkatu, gaur sanferminez idaztea tokatzen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.