Blanca Urgell
LARREPETIT

Antequerara bidean

2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Etxealdiaren ontzia lehorrera hurbiltzen ari da, gutxienez bidaiari nekatuxeok hankak luzatu ditzagun tartetxo batez. Lemazainak esango omen digu gaur (esango zigun atzo) noiz eta nola egingo dugun.

Utziko digun ere ez dago garbi oraindik. Hau ez da atseginezko bidaia: noraezean gabiltza COVID ibaiak eramanda, zer etorriko nekez asmaturik. Lagun bat egin gogo duen korrikaldia iragartzen ari da WhatsApp-ez; zein lorategi edo kale, zein txoko maite bisitatu ahalko duten amesten besteak. Adiskide minarekin berriz eguneroko ibilaldiak egiten irten nahi luke gure amak, bien artean segurtasuneko tartea utzita balitz ere.

Denak aterako omen gara bat-batean, baina ez gara denak berdin sartuko. Maiatzean aldi baterako erregulaziotik dagokien dirua kobratuko duten ala ez dabiltzanak. Lana galtzeko beldur direnak. Diru sarrerarik ez duten negozioko lagun gehienak. Guztiek isilik daramate etxealdi honetako balantzea gure taldean, etengabe gauzak partekatzen dituzten bitartean. Bideo barregarriak, salaketa bideoak, gobernuaren kontrako memeak, errepublikaren aldeko manifestuak, etxealdirako aholkuak, burmuina lantzeko ariketak, joko bisualak, musika eta musika eta musika gehiago. Telebistako eguneko pelikulak, bisita gidatu birtualak.

Ile-apaintzailearekin kontu-kontari: etxealdia ondo daramala dio, «ile-apaindegiaren egoeragatik ez balitz». Erdaraz esan dit eguzkia noizbait aterako dela Antequeratik. Esapidea Granadan sortua omen denez, behingoan asmatu dut non porturatuko garen: Antequeran, Granadaren sortaldean ez dagoen sartalde batean, porturik gabeko portuan. Jai zoriontsuak opatzetik osasuna opatzera, bakardadea bilatzetik laguntza estimatzera, bidaia handietatik ibilaldi txikietara, etorkizunetik orainaldira. Ametsak oro aldatu ditugu pare bat hilabeteko gorabeheran. Baldinba ikasi ahal dut zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.