Blanca Urgell
LARREPETIT

Bozkatzera egin dut promes...

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Uztailean bozkatzera joan behar omen dugu. (Txertatu bitez tximistak hemen ugari). Joycek lagundu dit: «Herriz ezin aldatu dugunez, alda dezagun gaia». Neure buruari galdetu diot, bada, noiztik bozkatzen dugun; horra erantzuna: Hegoaldean XXI. mendean bakarrik bozkatzen dugu, Iparraldetik ekarritako hitzarekin alegia. 1887tik Eskualduna astekariak hedarazi zituenetako bat dugu, aurreko mendean meditazioneez-eta soilik idazten zuten elizgizonek politikaren terminologia berria euskaratu zutenean. Han ez dituzte botoak ematen, bozak (edo botzak!) baizik, frantsesez voix ahotsa eta bozka delako, aldi berean. Herritarren ahotsa omen bozka. Et voilà! Hedoi Etxartek berriki gogoratu digu: metaforek eratzen dute giza pentsaera.

 

Metaforarik metafora, mitxirrika nola nabil ni. Juan Bautista Agirrek baino, zeinek kontatu hobeto: «Aldegizu lenbait len; bestela gertatuko zatzu mitxirrika edo ingumari gertatu ohi zaiona. Badabil inguma argiaren inguruan arin-arin; begiratzen dio eta, zenbat eta gehiago begiratzen dion, hanbat gehiago llilluratzen eta txoratzen du argiaren edertasunak. Alderatzen zaio behin ta berriz, eta erretzen diozka hegoen eta zankoen ertzak, baina ez da zentzatzen. Atzenean, hainbesteraino alderatzen zaio, non osotoro erretzen eta hilik geratzen dan. Ai! aditzen zauden inguma, inguma!».

Inguma haserre bat naiz, hegoen eta zangoen ertzak ondo erreta nagoena. Apirilean abstenituko nintzen agian, baina orain ez. Nolatan emango karta zuria bestek egin dutena desegiten dabiltzan xomorroei? Norberarena sekula ez den erruaren administratzaileei? Jendearen izuaren erabiltzaile profesionalei? Zaila eta ezinezkoa ez dira bat-eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.