Blanca Urgell
LARREPETIT

Mailegua lege

2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Zaldieroaren atzoko zintan asintomatiko, birtual, telematiko, estatiko eta dinamiko izenondoak gaixo, musu, sexu, bizikleta eta hondartza izenen ondoan ikusirik, pentsa genezake euskaraz izenondoak (5/5) izenak baino (2/5) aiseago mailegatzen ari garela. Egia ote?

Galdera horren bidetik Tadmor, Haspelmath & Taylor-en Borrowability and the notion of basic vocabulary laneraino (2010) heldu naiz (aurrerantzean T, H & T). Gure abiapuntuko ezarpena izango da mailegaketa ez dela random, ez dela ausazkoa, eta hori hiru irizpideren arabera neurtu dute eurek: gramatika-kategoria (izena, aditza...), eduki-hitzak vs. funtzio-hitzak (etxe edo garbi vs. hau edo eta) eta semantika-alorrak.

Aspaldikoa da oinarrizko hiztegian maileguak nekezago sartzen direlako ustea. Uste bikaina, oinarrizko hiztegia zein den asmatuko bagenu. Idealki, garaian garaiko eta lekuan lekuko kulturarekin lotua ez den heinean, egonkor, unibertsal, bakun eta mailegagaitzena litzateke. Horrelako 100 hitzeko zerrenda ospetsu bat egin zuen Swadeshek (1950), euskararen ahaideak bilatzeko ere erabili izan dena (betiko ondorio eskasekin).

T, H & T-ek 1.460 hitzeko bat baliatu dute 41 hizkuntzatan. Emaitzetan esango nuke ezustekorik ez dagoela. Izenek irabazi dute (%31), aditzak (%14) zein adjektibo-adberbioak (%15) erdian utzirik. Funtzio-hitzak mailegagaitzagoak dira (%12) eduki-hitzak baino (%25); semantika-alorretan, berriz, erlijioa eta sinesmenak (%41), jantzia eta pertsona-garbitasuna (%38) eta etxea (%37) maileguz beteago daude zentzumenak (%11), leku-erlazioak(%14), gorputza (%14,2) eta senidetasuna (%15) baino. Aztertutako hizkuntzetan mailegu-markak erromanieraren dialekto batek hausten ditu (%63); beste muturrean txinera mandarina (%1) dago.

Euskaraz lan interesgarri bat egin zuen Adam Zawiszeskik (2001) Swadeshen zerrendarekin: Vocabulario básico y préstamos en vascuence vizcaíno y otras lenguas. Nor ausartuko T, H & T-ren zerrendarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.