Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Ezkortasunaren militantea

2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zaila izaten da albiste baten garrantzia neurtzen; niri, behintzat, dezente kostatzen zait. Ezin izaten dut aurreikusi zenbateraino aldatuko ote duten gure mundu-ikuspegia ustezko berri historikoek; are gehiago, ezkortasunaren militante izaten naizen egunetan, gaur bezala, pentsatzen dut letra larriko albiste horiek ez dutela sekula deus ere aldatuko. CIAk esan duela Felipe Gonzalezek ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea onartu zuela? Berriak ez nau ezustean harrapatu, urteak baitira X jauna nor zen susmatzen genuela; baina nahiko zabaldua den susmo sendoak ez du orain arte eragin zehatzik izan. Juan Carlos Borboikoa lapurretan aritu dela? Aspaldi utzi zion sekretu izateari monarka parlamentario emeritua tratu ilunetan zebilela Saudi Arabiako errege zintzur egilearekin; baina Felipe VI.aren aita ukiezina da legez, eta legediaren bermeari esker Juan Carlos etengabeko festan bizi izan da —eta bizi da— guzion lepotik, bere negozio zikinez jakinaren gainean egon garen urte horietan guzietan.

Baditut ezkortasunean tematzeko argudio gehiago. Nafarroara ekarrita, harritzekoa al da UPNk VOXekin batera torturatzaile frankisten prebendak defendatzearen alde bozkatu izana?Sorpresarik ez, UPNren eta frankismoaren arteko lotura oso agerikoa izan baita alderdia sortu zenetik. Navarrisimoek ez dute inoiz disimuluan zertan aritu, Nafarroako alderdirik bozkatuena izan ohi baita berdin-berdin. Ezkor izateko albiste gehiago. Kantabria Euskal Herriko eskualdea dela? Ados, aitortu behar dut berri horrek lehenengoan harritu ninduela, baina dagoeneko egoera geopolitiko berria onartzen hasia naiz, Nafarroa Euskal Herriko mapatik desagertua dela aspaldi onartu nuen bezala, mezua ETB2ko Teleberri-ren bidez horrenbeste aldiz jasotzearen ondorioz. Azkenaldian adi egoten naiz telebistaren aurrean, aurkezleari «el lehendakari cántabro Miguel Angel Revilla...» noizbait eskapatuko ote zaion zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.