Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Turistaren kontakizuna

2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Eskualde turistiko bateko semea naiz. Turistiko esaten dudanean bisitari andana jasotzen dugula eman nahi dut aditzera, eta urteak direla horrela gertatzen dela: mundu zabaleko jende asko etortzen da bertako dohainak ezagutzera eta gozatzera. Euroak, batzuetan istiluak eta baliteke koronabirusen bat ere ekartzeaz gain, turistak eta bidaiariak —gero eta lagun gehiagok bidaiari jotzen dute beren burua; ni ez naiz bi kontzeptuen arteko desberdintasuna antzemateko gai, ezta neure burua bietako batean sailkatu behar dudanean ere—ezagutza iturri ere badira. Gogoan eta bihotzean iltzatua dut nire herrialdean astebete eman zuen turista batek —bidaiari batek, barkatu— jakinarazi zidanean non egiten ziren bertako opilik goxoenak, bera ezagutu aurretiko nire ustea hankaz gora jarrita. Bidaiariak ez zuen uste, berak bazekien. Pentsatzekoa da, astebeteko ikerketaren ondorioz, azukre maila astronomikoa izanen zuela odolean.

Bisitariei esker jakiten dugu zein diren gure herriko ohiturak —ohitura udatiarrak, inork ez baitigu inoiz urtarrileko bizimoduaz, adibidez, tutik ere aipatu—, eskualdearen egoera soziopolitikoa, sozioekonomikoa, soziolinguistikoa eta soziokulturala, eta, garrantzitsuena, gure arazo bakoitzaren iturburua eta soluzioa. Bertakook —zentzu zabalean— orduak ematen ditugu eztabaida antzuan, nork bere iritzia eta, oro har, ikuspegi bateraezinak. Tarteka beste gai batzuk txertatzen baditugu ere solasaldian, dela terraplanismoa, dela etxebizitzaren prezioa edo azken nobedade literarioa, azkenean gai berak hartzen du hizketaldia: zer turismo mota nahi dugun eta posible ote den gurean turismoa ez den beste jarduera ekonomikorik sortzea. Turistak gora eta turistak behera aritzen gara, jakin gabe astebeteko, hamabostaldiko edo hilabeteko turista-bidaiariak horren guziaren gaineko errelatoa prest duela dagoeneko. Errealitatearen berri jaso artean, gu, gure aldetik, azken oporraldiaren —bidaiaren, barkatu— kontakizuna zabaltzeko prestatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.