Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Urkulluri abesten entzun artean

2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Uztailaren 12ko iluntzean Iñigo Urkulluk Gontzal Mendibilen Gogoa nun dugu abestu zuen. Susmagarriki azkar abestiaren hautaketaren arrazoiaz jardun zuten ETB2ko kazetariek. Aurrez norbaitek abestiaz egin behar zuten exegesia zein zen esan izan balie bezala. Askatasun gutxi duen alderdi baten propaganda organoko peoiak balira bezala: irribarrea, gorbata, takoiak.

Idatzi da dagoeneko abestiaz, diskoaz eta abar. Niri jada bitan ekarri dudan Terry Eagletonen pasartea itzuli zitzaidan (barka 2016ko uztailean Baionako Zizpara (feat.: Jakin-UEU) eta abenduan Azpeitiko Dinamora gerturatu zinetenoi). Bi une izan zituen abangoardiak. Bata eskandalua, artistaren askatasuna: «Mona Lisari biboteak marraztea». Bestea izan zen Brechtena: bankeroen hormetan eskegitzen diren Picassoen aurrean entzun behar izaten diren ohiko auhenen aurrean artelanak gauza bakarra adierazten digu: «artefaktu iraultzaileak (Gogoa nun dugu) bankuetan (Urkulluren laringean) kokatzen ahal badira gauza bakarra esan nahi du horrek:[...] arte hori ez zegoela nahikoa sustraitua mugimendu politiko iraultzaile batean, ala bazegoela baina masa mugimendu horrek porrot egin zuela. Zenbat idealismo dagoen pentsatzen bada arteak, bere kabuz, asimilazio orori erresistentzia egingo diola! Apropiazioaren kontuak politikarekin du zerikusia, ez kulturarekin; afera da nor ari den irabazten une jakin batean. Haiek irabazten badute, gobernatzen jarraitzen badute, [...] edozer neutralizatu ala irentsiko dute. Zuk irabazten baduzu, haiek ezingo dute haien egin, zeren zuk egingo dituzu zure».

Urkulluren mezua ez zen fidelentzako: arerioentzako mezua zen, hemen nago, lau hamarkadaren ostean, eta nire hizkera hitz egiten duzue (akordioa, auzolana, kudeaketa, Gernikako estatutua) eta zuen arteari nik adierazten diot zer esan nahi duen. Erromatik da horrela, Arendti esplikatzea gustatzen zitzaion bezala: politikak erabakitzen bizitzaren esanahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.